Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Galipotaren miraria

2023ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Lagun bati gertatu zitzaion, aspaldi batean. Etxea egin zuen kasik lurrarekin berdindutako baserri bat zegoen parajean. Hirurehun metro eskas zituen errepide nagusira. Handitxik egiten zuen lanerakoa, lurrezko pistan gora eta behera. Euria zenean, aski konplikatzen zen guztia. Luiziak, norberak garbitu behar izaten zituen. Zoru gero eta higatuagoan, harri txintxorrez bete behar arrakalak eta zuloak. Udaletxera jo zuen berriz ere, ea noiz asfaltatu behar zuten. Azkenean, planoak eta paperak erakutsi zizkioten. Ea zer zioen. Pista hura aspaldi zegoen asfaltatua. Ez dago artista izan beharrik. Baten batek miraria obratu zuen. Baten batek sinatu eta planoan jarrarazia zuen bide hura asfaltatua zegoela. Eta galipota ez da inon doan jartzen.

Galipota eta miraria sarritan datoz batera. Bizkaiak baditu bere-bereak dituen ezaugarriak populazioaren banaketari dagokionez. Bilbo inguruan pilatzen da jende gehiena. Ekialdearekin lotzeko badu bide nagusi bat barnealdetik doana. Itsasorantz zein hegoalderantz, herri koskor asko eta errepide bihurri gehiago. Eta jendea bizi den tokian, beharrak daude. Esaterako, errepide ganorazkoak. Lagunaren etxerako bidean bezala, asfaltatuak egonagatik, beharrak sortzen dira maiz. Orduan hasten da bulegoz bulegokoa, zergatik den dena zailagoa Bilbotik urrunago bizi arau. Erantzuna jakina da: asmoa egon badago, baina sosik ez. Azkenaldian, horra miraria. Egun batetik bestera berritu dira errepideak. Eta nola. Zoru laua eta izarren dirdira duten marra zuriak. Ez denean, noski. Kasualitatez, Tourraren ibilbidearekin bat datozen bazterretan gertatu da guztia.

Ez dut uste inoiz xehetasunik emango zaigunik, baina eskertuko litzateke azalpena, zergatik duten ekitaldi pribatu kanpolarrosek biztanleek ez duten ahalmena diru publikoak mugitzeko, zergatik lau orduko premiak duen hamar urteko eskaerek ez duten indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.