Inork galdetuko balit zein den munduko galletarik onena, atoan erantzungo nuke: chiquilin. Galletena kontu emozionala da, ezbairik gabe, eta umearoari lotuta dago. Deustuko Erriberan (dagoeneko Deustuko uhartean) dagoen Artiach-en lantegia berezia izan da deustuarrontzat. Aspaldiko bilbainada zati hark ondo argi uzten du: qué bonito ser de Deusto y vivir en la Ribera para ver pasar los barcos y también las galleteras (ederra, gero, Deustukoa izan eta Erriberan bizitzea, baporeak eta andrazko galletagileak pasatzen ikusteko). Emakumezko galletagileak ez ditut ondo gogoan, Lineas Pinillos baporeak, berriz, ezin ahazturik ditut; erraldoiak iruditzen zitzaizkidan.
Ana Morales filologo, podcaster, itzultzaile eta interpreteak ederto gogoan ditu andrazko galletagileak. Bere ama horietako bat izan zen. Horregatik, Bilboko Udalak Deustuko uhartean kalea emango ziela jakin zuenean, izugarri poztu zen. Poza, maiz, putzu sakon batera bota ohi dugu, kolpean. «Zuri galletagilea entzuten duzunean zein genero datorkizu burura?». Arrazoia eman nion, hitzak genero marka behar zuen. Borroka luzea izan da Ana Moralesena. Erakunderik erakunde ibili da eskariarekin; hamaika gutun eta ohar idatzi du; leihatilarik leihatilarako erromesaldia osotu du. Ekainaren hondarretan lagun taldeari mezua bidali zigun: «Lortu dugu!». Eta ni Bilboko luxuzko etxebizitzan, kupulan, dagoen esaldiarekin gogoratu nintzen: ezina ekinez egina. Gero esango dute ez dagoela ezer aldatzerik. Poz bikoitza da nirea. Batetik, Andre Zamaketarien edota Emakume Galletaginen kaleetan bizi direnek jaso ahal izango dituzte fakturak. Eta bestetik, aldiz, ezinezkotasunean arrakala egin da. Badugu ospatzekorik.