Itzea Urkizu Arsuaga.

Gela bat ez dakit norena

2025eko azaroaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez dakit orain habitatzen dudan gela hau norena den; nirea, gurea, inorena ez. Espazio estandar samarra da: lau pareta eta leiho bat, eguzki dezente jasotzen duena. Tarte mortuetan bertatik begiratzen diet tximiniei, antenei, teilatuei. 

Hemen bizitzen jarri ginenetik behin-behinekoa izan da beti. Orduan mahaia, ordenagailua eta bi apalategi zituena, denborak behartu du hartu behar izatera hiru bizikleta, triziklo bat, erosketa orgatxoa, ganbarara igo beharreko haurren arropak, fardelak aldatzeko altzaria eta gitarra bat zorroan lozorroan.

Nik atea ixten dut, eta neure buruari sinetsarazten bakarrik nagoela, ez dudala ia entzun ere egiten pasilloz bestalde gertatzen ari dena. Gutxi irauten dit testuinguratu nahiak, ordea, berehala ateko maratila mugimenduan sumatzen baitut, gora eta behera, bestaldean dagoen eskutxoa heldulekura justu-justuan nola iristen den niri adieraziz bezala. Halako batean gontzak dantzatzen dira, eta irribarre xalo parea ikusten dut niri begira, egongelan aitarekin muntatu duten txirrista izugarriaren berri eman nahian. 

Virginia Woolfek idatzi zuen «urtean bostehun libera eta gela bat bere sarrailarekin behar dituela batek eleberriak edo poesia idaztekotan». Nik gaur ez dut poesiarik, ezta eleberririk ere; gehiago dut zurrunbiloak, fobiak eta filiak hitzetan jartzeko beharra, formatua dena dela ere. Eta gaur ez nuen besterik eskatzen: zutabe bat idazteko tarte bat, bere bakardade, bere hausnarketa eta bere dibagazioz jantzia. 

Jantzi eta muxu eman didate eta, atea itxi denean kaka fardel usaina sumatzen jarraitzen nuen arren, hurbildu naiz teklatura eta lekukotu dut orain inorena ez den eta noizbait nirea izatea nahi dudan gelaren filia hau.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.