Allianz Arenan, Bayern Munich eta Paris Saint Germain buruz buru. Partida aurretik, tribu-oihuak harmailetan eta gerra-zuzi gorriak. Eta halako batean, pankarta ateetako baten gibelean: «Gu Budapestera goaz, zuek Santa Helenara». Finala non jokatuko den jakitea ez ezik, historia pixka bat eskatzen duen zirtoa, inondik ere. Santa Helenan Napoleon hil zen, tristuraren erbestean.
Parisen hasi zen dena astebete lehenago, edo auzo-liskar guztiak bezala, auskalo historiaren zein zulokotetan. PSGren zaleek tifo ikusgarria zabaldu zuten orduan, Horace Vernet-en Arcoleko zubiko gatazka koadro epikoaren irudira sorturiko margoa. Napoleon ageri zen bertan, etsai sarraskituak hankapean, Frantziako bandera lau haizeetara. Mezua lehendik zekarten: «Europa konkistatzera goaz».
Identitateari erraietatik dei egin arren, serioegi hartu ezin zen keinua. Izan ere, Italiako Arcolen, austriarrak garaitu zituen Bonapartek, ez bavariarrak. Areago, garai hartan, aliatu zituen; Ajaccioko Ogroari esker bihurtu zen erresuma Bavaria. Azak ontzeko, Napoleon sortu zenean Korsika ez zegoen artean Frantziaren mende, Genoako Errepublikaren parte zen. Horrexegatik aldarazi zuen jaiotza-agiriko urtea, dio Chautebriandek; ez gazteago izateko, frantsesa izateko baizik.
Adierazgarria bada: sei milioi hildako eragin zituen militarrari gorazarre etengabe respect aldarrikatzen duen kirolean. Bestalde, zaleen artean Europaren konkistarekin paralelismoak sortzea bazen kontua, ez zuten zaila besteek. Munichen ezarri zuen Adolf Hitlerrek Alderdi Nazionalsozistaren egoitza, eta hantxe jarraitu zuen Reichak erreka jo zuen arte. Elkarren arteko lehia goletan kontatzera, berriz, jakina da hankapetik gainditu zuela Fuhrerrak Napoleonen hilketa marka.
Clausewitzek errana da, bitartekoak beste batzuk izanik, politikaren jarraipena dela gerra. Eta uste dut lasai esateko moduan garela, ikusiak ikusita, eliteko futbola ez dela gerraren beraren jarraipena baino, bere simaur sinboliko eta guzti.