Goizalde Landabaso

Giltzak eta gakoak

2024ko otsailaren 20a
05:00
Entzun

Kalean ez bezala herri txikietan, etxeetako ateetan ez zen giltza emanda egoten. Hori beti egin zait bitxia. Edozein sar zitekeen besteen etxeetan. Kalean, berriz, bizi izan naizen etxeetan ateak zarratuta egon dira beti. Eta daude. Are gehiago, batzuetan sarraila bikoitzarekin. Eraikinekin, argi dago. Zer gertatzen da, baina, gugana heltzeko osterantzeko bideekin? Telefonoak, emailak eta besteekin sarbidea erraz egiten da. Nork ez du jaso iruzur itxura duen posta elektronikorik?

Azken egunotan nire inguruan iruzur ahaleginak egon dira; tamalez, batzuk gauzatu ere egin dituzte. Guztiak emakume nagusiei egindakoak. Microsoft-en izenean deitu zioten etxeko telefonora bati. Ordenagailu eta aparatu elektroniko guztiak kutsaturik zituela, eta arazo guztiak konpontzen lagundu ziezaioketela, baina kontu zenbakia behar zutela horretarako. Emakumeak, atoan, eten egin zuen deia. Hori otu izan balitzaio bigarrenari... Emakumea urduri jarri zen, telefonoaz bestaldeko andrazko ahotsak esan baitzion banketxetik deitzen zutela. Saltoki handi ezagun bateko txartela klonatu ziotela eta 1.500 euro ostu. Konponduko zutela, baina txartel zenbakia eta gakoak behar zituztela horretako. Emakumeak, artegago ezin, eman zizkion. Eta gero, lapurreta bizkorra. Hirugarrenari, berriz, etxeko txirrina jo zion gizon batek. Berogailua ondo ote zebilen. Emakumeak pentsatu zuen berogailua konpontzera zihoala, eta zabaldu egin zion atea. Batek daki zer egin behar zuen gizonak, baina barruan semeetako bat eta txakurra zeuden. Horiek uxatu zuten gizona.

«Zein zaila den mundu moderno hau», zioen euretako batek. Zaharrak berri, jakina. Erne ibili.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.