Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Ginen, gara eta izango gara

2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez naiz lehena/ nire aurretikoa da dena,/ baina historia nirekin hasten da», Jon Benitok idatzitako poema baten amaiera da. Maiz datorkit burura; izpirituari eusten diot beti, sarri, hitzez hitz ahazten badut ere. Baumanek detektatu zituen sasoi likidootan iragan denak eskuetatik egiten digu irrist. Denak izan behar du gogoangarri. Atzokoak, are gutxiago herenegungoak, ez du inporta, ez da existitzen. Eta, jakina, ahaztu egiten dugu gu baino lehen izan zela zer, nor. Gure historia ezabatzen goaz eta bide batez egokitzen interesatzen zaigunera. Fikzioa sortzen ari gara, nahita edo nahi gabe. Ni beti izan naiz gauzak bere gordinean jasotzearen/ematearen aldeko, uste dut egin nahi/behar ditugun aldaketak egiteko ezinbestekoa dela esku artean zer daukagun jakitea. Errealitatea irensteko bere gordintasun osoa nahiago dut, min ematen badu ere.

Egunotan irakurri dut G. Perezek joan den astean irratian ele bitara egindako elkarrizketari esker entzun dela Radio Euskadin inoiz entzun den euskararik gehien, esperimentua izan ote den, mugarritzat jo dezakegula... Harritu nau albiste bihurtzeak, eta harritu nau gehiago ahanztura historikoak. Perezek berak (A. Zabalarekin batera) zenbat elkarrizketa ez ote dituen euskaraz egin Radio Euskadin! Ez horiek bakarrik: J. Etxezarragak, I. Berazategik, Tx. Rodriguezek, I. Jauregik, Jon Etxebarrik, I. Fresnedak, L. Larunbek, R. Mosok, D. Alvarezek... (barka nazazue memoria mugatu honek ahaztu dituenak). Euskarari bide emandako espazioak izan dira urte luzeetan REn. Saio osoak, erreportajeak, kronikak, elkarrizketak, kortedun solasaldiak... atzera begiratzea besterik ez dago jakiteko zenbat euskara entzun den REn. Urratzeko bide luzea gelditzen zaigu, bai, baina onartezina da urteotan egindako lana eta langileak gutxiestea. Izan gaitezen zintzo, izan gaitezen zorrotz, historia ez da gurekin hasten; Xabier Landabidea jaunak esango lukeen bezala: izango direlako, gara, eta garelako, izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.