Maduro bahituta, «Venezuelako herriari egindako mesedearen esker onez» eman dio Maria Corina Machadok berak jasotako Nobel sariaren domina Donald Trump AEBetako presidenteari. Irribarre zuriz jaso du gizon laranjak oparia. Orain, muturtuta omen dabiltza Norvegian. Analistak eta alderdi politiko guztiak, «errespetu ezagatik». Haserre teknikoagoa Nobel batzordearena; hotz eta motz adierazi du «saria besterenezina» dela.
Ez dute arrazoi faltarik. Maiz esan izan ohi da sariak, hartzailearentzat baino ematailearentzat izaten direla. Halako autopropaganda showa, jendartean zalantzan jartzen ez diren balioen inguruan eraikia, izan sormena, ikerketa edo bakearen aldeko lana. Nobelen kasuan, urteetako lan diplomatikoa egon ohi da atzean, botere politikoen, lobby ekonomikoen eta iritzi taldeen arteko oreka-nahi itxurakoak, literaturakoak-eta barne, horretan ibili direnek aitortua, ezer gutxi dutenak objektibotik.
Haserretu? Machadok, trukean Venezuelako presidentzia oparituko ziolakoan, hain sari neurtua eta mediatikoa Trumpi emanda, ebazpena lorrindu die Akademiakoei, eta punpa lasterrez, haiek hautatzen dituzten norvegiar burutsuei. Baina bestalde, leiho polita utzi digu zabalik. Egin dezagun jolas: ez genuke dena argiago ikusiko Shmuel Yosef Agnonek 1966ko Literatura saria orduko Israeleko lehen ministro Levi Eshkoli eman izan balio? Eta Kissingerrek bere 1973eko Bake saria Stroessnerri, Pinocheti, Videlari eta Kondor operazioko lagun guztiei? Eta Obamak 2009koa Siriako, Irakeko, Afganistaneko…?
Nolabaiteko idealismo aire batek bultzatu zuen Alfred Nobel kimikari, ingeniari eta asmatzailea bere izena daramaten sariak sortzera. Xano-xano, zintzo eta laño, botere-jolasen, armamentu lasterketen eta presio politikoen sorgin-gurpila hautsiko zuten sariak zituen buruan gizonak. Gizajoa.
Puntu honetara iritsita, esku artean dute sariekin zer egin dinamitaren asmatzailearen oinordekoek.