«Kontzertu puta guztian sakelakoarekin grabatzen», horrela moztu zuen eskaintzen ari zen kontzertua Enrique Bunbury abeslariak, Quiton, tupustean. Lehen ilaran ba omen zegoen dena sakelakoarekin grabatzen ari zen jarraitzaile bat, eta berari zuzendu zion astinaldia, haserre gorrian. «Nik ulertzen dut sartuta gauden zoramen hau», ziotsen Ekuadorreko hiriburuan batuta zeuden guztiei, «baina lehen lerroan bazaude gozatzeko da». Kontzentrazioa galdu zuen Bunburyk eta horretan utzi omen zuen kontzertua (bisak ziren, alegia, aparteko oparia). Kontzertu etete ostean txaloak entzun ziren, eta txistuak ere bai. Gero sareetan gauza bertsua egon zen: txaloak eta txistuak. Jendeak grabazio horrekin gomuta emozionala baino artxibo digitala egiten duela salatu zuen kantariak. Ez dakit, irakurle estimatua, oso ondo zer pentsatu, eta burura datozkidanak kontraesankorrak dira. Horrelako errieta bota behar zaio zure kontzertuagatik sos ederrak ordaindu dituen norbaiti? Sakelakoak debekatu behar dira? Debekura heldu behar gara?
Nik, oro har, ez dut ulertzen sakelakoekin gertatu zaiguna, baina ondo argi dut gure eskutik gora dagoen zerbait dela. Nik gorrotatzen dut kontzertuetan hitz eta pitz dabilen jendea, baina bestetik inoiz ni ere ibiliko nintzen hizketan, eta grabatzen, edo argazkiak ateratzen. Gomuta emozionalak aldatu dira, dagoeneko denborak ezin izango baititu ondu, izan ere, beti egongo da recording bat gertatu zena gogoratuko diguna. Agian, musika zuzenean entzuteko moduak ere aldatu behar ditugu, baina gero eta errentagarriagoak dira, gero eta sold out gehiago dago, gero eta gailenduago dago ni han izan nintzen emozioa, eta nork geldituko du gurpil zoro hau?