Ez dira erosoak greba bezperak. Egin nahi duenak berak daki ondoen zergatik egingo duen. Batzuek elkartzera joko dute, ingurua berotuko, Lauaxeta hona ekarrita, opor-otsa arrakastatsua gerta dadin txaide zabalean. Eta badira egin nahi arren egingo ez dutenak, lanpostua galtzeko ikaraz eta. Eta xorrotx jota, baita egingo ez dutenak baina gustura egingo luketenak ere. Beste batzuek zarata handirik gabe egingo diote huts lanaldiari, egin behar dela uste dutelako, eta kitto.
Egin nahi ez duenak ez du egingo. Arrazoiak, hamaika. Edo ez datoz bat aldarriarekin, edo berei ez dagokiela uste dute, edo ez dute erabiliak sentitu nahi, edo ez dute dirurik galdu nahi, edo besterik gabe, ez dute garbi ikusten. Eta badira egin nahi ez dutenak baina egitera bultzatuak sentituko direnak, deitu piketeen eraginez edo besteren iritzien beldurrez.
Eta gero, badira deialdiz deialdi, greba guztien kontra agertu ohi direnak. Berak izan gabe, beti berak direnak, dauden tokian daudelako. Eskaera edozein delarik, tinko demonio ordenaren sindikatuan. Bezperaren bezperatik, beti eskainiko zaie hedabideen leihoa, betiko arrazoia eman dezaten: «ez da grebarako unea». Edo bestela, entzun diozue Mikel Torres bigarren lehendakariordeari: «Jaurlaritzaren kontrako greba da 17koa». Greba politikoa dela, alegia.
Bitxia da, ezen logikoena pentsatzea da, ez bada orain unea, unea iristen denean jakinaraziko dela, jendeak greba egun egokian egin dezan, baina kia! Zaude oiloak pixa egiten ikasi arte! Politikoa dela erabiltzea greba zikintzeko, berriz, irrigarri suertatzen da. Erakunde politikoak berak dira diotsuenak aski dela, alderdiek aurkeztu gabe, gutxieneko sinadurak bilduta, edozein proposamen legebiltzarrean eztabaidatzeko. Txintxo bete da esandakoa. Eta hala ere, antzarak ferratzera bidali dituzte sinatzaile guztiak, gutxieneko pentsioekin egin zen bezalaxe.
Eta bada despotismo horixe bera salatzera aterako denik grebara asteartean.