Ander Perez Argote
LARREPETIT

Gu (II)

2023ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Orain euria egingo balu, berdin egingo zenuke dantzan lagunei sorbaldetatik helduta. Ez dizu axola arropa zuriak pixka bat gehiago bustitzeak. Poz mugagabe baten jabe zara, eta badakizu ez dela kasualitatez: atzoko gehiegikeriek badute zerikusia. Aspaldi ikasi zenuen ajeak mutur batetik bestera tolesten dizkizula emozioak. Alaitasuna alaitasun handiena izan daitekeela biharamunean, eta tristura, munduko tristeena. Baina gaur uztailak zazpi ditu, eta pozik egoteko lizentzia eskatu zenuen aspaldi. Kontratu mugagabea izan duzu apatiarekin azkenaldian, eta eszedentziarako eskubide batzuk ere bai trukean.

Gaurko egunez, Kuria duzue lagunarteko urteroko topaleku. Aurten zer egingo duzuen ez duzue argi, giroa gaiztotua dago iazko prozesiotik. Eta ez zenuke eskuinak prestatu nahi duen tranpan erori nahi, baina kosta egiten zaizu betikoari uko egitea. Zuretzat, bi alde izan ditu beti prozesioak, konfrontazioarena bata, eta autoafirmazioarena bestea, eta bigarrenean sentitu zara beti erosoen. Norbaitek esango dizu Ikusi Mendizaleak folklore hutsa dela, eta zuk, orduan, uztailaren 7an Iruñean hartzen duen esanahia azaldu beharko diozu. Nola hasten den jendea jauzika txistu doinuak Kurian gora aditu ahala. Nola sentitzen duzun gu bat indarrez altxatzen, besteen neurrira egindako hirian.

Gero, emozioa baretzean, kontatuko dituzu zenbat gu gelditu diren zure gu horretatik kanpo. Joan den asteko paseoa etorriko zaizu burura, eta gure baitan kabitzen ez diren horiek denak.

Baina gaur ez zaude pentsamendu handietarako. Gauza banalagoetara zaramatza neurona erdiak. Berekoikeriak hartu zaitu: «Gaur gu, bihar besteak». Eta ez dakizu gutasun erabatekorik ere ba ote den. Zentroarena eta periferiarena bezala da hau: non kokatu erdia, beti egongo da baten bat kanporago. Agian, sartzen den azkenak atea irekita uztean datza kontua. Ahalik eta ate handienak paratzean. Baina atearen markoa nonbaiten jarri beharko da ba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.