Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gure baitakoak

2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Tina Turner hil egin da. Mundu (ia) osoko hedabideek atera dituzte horren gaineko albisteak. Gurean ere bai. Harrigarria da ezagutzen ez duzun norbaiten heriotzak sor diezazukeen kolpetzar gisara ailegatzen zaizun zilo nano hori. Atoan gainditzen den mina.

Ni ere Turner andrearen kantu indartsuekin hazi nintzen, oholtza gaineko indar basati eta gaindiezin horrekin. Nik ere pentsatzen nuen amaiezina zela bere sua, eta nik neuk txingarrak amatatzear izan ditudanetan bere musikak bilakatu dizkit zirtak su. Eternitatea errazagoa eta sinesgarriagoa da hezur haragizko ez denean. Beste fede lauso bat, ezbairik gabe.

Tina Turner ez da inoiz hilko, eta we don't need another hero kantatzen jarraituko dut bizitzaren amildegiak suertatzen direnetan. Anna Mae Bullock, baina, zu eta biok bezain hilkorra zen... Milia Lasturkoa bezain hilkoi. Duela egun batzuk, Iruñean, Itxaro Bordaren Milia Lasturkoa Revisited poema musikaz jantzi dute. Tina eta Milia uztartu zaizkit barruetan, eta irudikatu dut, pentsamenduaren bizkortasun horretan Tina eszenatoki gainean, mikroari gogor eusten eta era erdiragarrian kantatzen Non dago harria?/ Non dago lur hotza?/ Eresi hark ziona jartzeko zalantzan. Tina Turner eta Milia Lasturkoa eta Agatha Christie, eta Enid Blyton, eta Jane Austen, eta Gloria Fuertes, eta Nina Hagen, eta Katherine Herpburn eta Bette Davis, eta Esther, eta La Regenta edo Anna Karenina, eta Isabel Allende, eta Raffaela Carrá eta literatura irakasle punk hark erdi ezkutuan ekarri zuen Amaia Lasaren poema hura, ni denokin oheratuko nintzateke, eta hainbat eta hainbat emakume daude neure baitan. Gorputzik ez zuten konplizeak, euretako asko, dagoeneko, gorpu bilakaturik, nire bizitzako gorputz izan zirenekin batera, nire baitako baitan naizena sortzen. Gu hazi gaituzten horiek denak gara, ezagutu zein ez; horiek denak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.