Madiba ez dago hilzorian, eta kontinenteko beste muturrean Egiptora iritsi da Tunisiako sukar demokratikoa. Eta kutsatzen omen, Jordaniara, Yemenera. Artikulua argitaratu baino 24 ordu lehenago idazten ari naizelarik, tankeak daude Kairon, Hosni Mubarak kolokan, eta zalantza, gertatzen ari direnen neurria ondo ulertu ezinik. Herri musulmanen 1989 da, Harresiaren erorketa? Askatasunera bidean giza eskubideak oinarri dituen demokrazia dute helburu Marokotik Aljeriara, ala xaria ezarri nahi dute Mendebaldeari saldutako agintarien lekuan?
Hegoaldean aztoratuta egiten dituzte gauzak beti, esan du norbaitek. Eta gero oroitu zaio iparrean ere berdin antzera ibili zirela, ibili zinetela lapurtarrok. Horren aurka, boteredunek garaipenak egunotan Espainiako erresuman. PSOEk munduko sindikaturik otzanenak aurkitu ditu, beharginak saltzeko lotsarik gabeko traidoreak. Bai PP bai ezkerra neutralizatu. Eta Erresumako mugetan izan den ia erantzun bakarra, lurralde ez-espainoletan eta Euskal Herrian, bereziki, isilarazi. Gipuzkoan eta beste eskualde abertzaleetan sendo joan da greba; horietatik urrundu ahala, erantzun apalago. Inoiz baino motibo gehiago, eta defendatzeko oso zaila den erretretaren atzerapenaren aurka, zergatik horren erantzun apala, Bilbon kasurako, Lapurdin gertatutakoarekin alderatuta? «Etsipena» aipatu dit lagunak, borrokatu zein ez alferrik den uste arriskutsua zabaltzen ari da.
Eta meritua da, inoiz baino ilusio handiago beharko zuen garaian etsipena horrela zabaltzea ere. Hogei urte barru galdetzen bada zer gertatu zen hondoratutako PSOE, eta zatitutako UPN-PPren aurka batuta ezin erantzuteko, inor ez da motiboez oroituko. «Orduko haserreak», esango dute une historikoari erantzun ez ziotenek. Boteredunen garaipenak aipatu ditut, eta jeltzaleak gozatzen ari dira aspaldion. Zapaterorekin eta Lopezekin lehendabizi, eta Nafarroan orain. Eskurik zikindu gabe irabazten, badute lana nork egin.
Larrepetit
Gure faraoiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu