Ez al du inork garbitu behar hori?, entzun ohi dut nonahi azkenaldian Gizon Laranja telebistan agertzen den aldiro.
Tiranoa hiltzea zilegi den, ez da oraingotxe galdera. Aristotelesek, Tomas Akinokoak, John Salisburyk… luze jardun zuten zer egin zitekeen herriaren kontra eta beren buruaren interesen alde aritzen ziren hagintariekin. Jolas erretorikoa zen, helburua ez zen besterik erregea gobernubide zuzenean jartzea baino, interes komuna zaintzeko baitzegoen zegoen tokian. Juan de Mariana espainiar eskolastikoa ahobizarrik gabe mintzo da XVI. mende hondarrean mandatari gaiztoei heriotza ematearen alde. Noski, Albret etxeko higanotak zituen buruan josulagunak, eta haiek hiltzea zilegi zen, baita eginbeharra ere, lege naturalaren kontra ari baziren.
Tartean behin, Gizon Laranjaren kontrako atentatu baten berri albistegietan. Eraso bakoitzaren ostean, bizirik ez ezik, indartuta ateratzen da gizona. Belarri ertzetik odola dariola, arrisku etengabean dabilen heroia da. «Boterearen egia ofizialaren» ezinbesteko elementua da haren hilketa saiakera bakoitza, izan benetakoa zein berak antolatua. Eta egunen batean kukuak joko balio, badakigu zein litzatekeen tertuliakide eta politikari guztien diskurtsoa: ezin hil liteke inor, ezta munduari haginka eta bere buruaren fabore bada ere. Asteon, 9 urteko haur bat hil du Israelgo armadak Khan Yunisen, egur biltzen ari zela. Ikusi dugu, inor ez da atera galdera-erantzun moralik ematera, Adel Lafi al-Najar deituta ezin baitzaitezke izan kezkagai filosofiko. Hori ere erakutsi digu demokrazia-modu honek: isildu hilketa batzuk, baina ez poztu tiranoarenarekin.
1897an, Michelle Angiolillo italiar anarkistak Canovas del Castillo hiru tiroz hil zuelarik Arrasaten, tristura eta disimulu handirik gabe agertu zen Txirrita plazara: «Il da Canovas, fuera Canovas/ pikaro gaizki eziya…». Gizon Laranja txiki bat zen Espainiako Lehen ministroa.
Egun, ez dut dudarik, kartzelan sartuko genuke Hernaniko Handia.