Ander Perez Argote

Hauteskundeak periferian

2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Gutxi behar izaten dugu berez, baina azken urteetako gertakariek are gehiago (harro)puztu dute gutako askoren nafar harrotasuna. Aitor dezagun. Hiriburuan alkate euskaldun eta independentista izateak, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak, musika eszena berritzeko alea jartzera zetozen taldeen agerpenak, gizonezkoen futbol beti ilun eta beti elitistan entrenatzaile euskaltzale militante bat nabarmentzeak, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñean jokatzeak edota Iruinkokoa bezalako kultura formula berri(tu)en arrakastak bihotza piztu eta egoa sendatu digu apur batean. Ukendu pixka bat gehiegitan goitik behera begiratutakoen zaurian.

Giroak lagundu du: azken urteetan, inoizko ozenen goraipatu da periferia —gehienetan asmo onez, beste askotan makillaje kapa gehitxorekin—. Eta azkenerako, aitortu eta are miretsita sentitu gara, giro politiko eta sozial interesgarrian murgilduta, mendebalderagoko anai-ahizpak —barka nazatela— gatz gutxiko eta epikarako aukera eskaseko eszena politikoan preso ikusten genituen bitartean.

Bart gauerdian abiatu da hauteskunde kanpaina mendebaldeko hiru lurraldetan. Eta aspaldiko partez, dena aldez aurretik erabakita ez dagoen ilusioarekin ari gara albotik begira. Eta azken emaitzaz harago, hori ere bada interesgarria: alde guztirakoak izatea ikusmira eta interesaren zubiak, ez dezan inork hiru esparru administratiboetako bakoitzak behar duen prozesu propioa probintzialismo merkearekin nahastu. Herri gisa interesatu dakigun geure burua, eta ez norberari norberarena bakarrik. Edo, oraingoan, periferiak ere begiratu diezaion zentroari, eta ez alderantziz bakarrik. Ez nuen pentsatuko inoiz holakorik idatziko nuenik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.