Harrapatu nau kalean eta ez nabilela ondo leporatu dit, itsuegi ikusten nauela igandero, jira eta buelta beti botere-harremanez, larderiaz, hizkuntzaren zimurrez. Areago esan du: nik uste ez haizela gai kontu lañoez aritzeko. Eta agurrean, erronka: zergatik ez duk idazten, nik zer zakiat, txoriez. Eta joan delarik, zuzen dabilela iritzi diot, egia duela, eta idatzi beharko nukeela behingoz, udaberria ere hemen da eta, esaterako, txoriez.
Eta errotari bigarren itzulia ematerako, txorietan txori, bat dugula nagusi etorri zait. Asteon entzun dugu Gasteizen, Baskonia txapeldunari egindako harreran. Baina berdin aditu daiteke Anoetako eta San Mameseko harmailetan zein Baionako bestetan. Joan Baezek ere kantatu zuen eta, ez gutxik, Euskal Herri osorako himnotzat proposatu dute. Ez dakit inoiz pentsatuko zuen Joxan Artzek noraino helduko zen haren hegada.
Kontua da, entzunaren entzunaz, ematen duela zer pentsa. Askatasunari egindako kantua omen, baina hasi eta batera, Hegoak ebaki banizkion, karrak egiten dit zerbaitek, eta ez da aditza. Nor naiz ni, hipotesi gisa bada ere, inori hegoak ebakitzeko? Nor, esklabista bat izan ezik, azala burdina goriz markatuko banio, neria izango zen kantatuko banu. Zer gizontto nintzateke esango banu zangoa mahaiari lotuko banio, neria izango zen. Hori baita begirada: jainko txiki bat naiz, atxiki dezaket, hilduratu, eta halere, nire onberatasun errukiorrez erabaki dut libre uztea, izan txori, esklabo zein emakume, zertarako eta esan ahal izan dezadan askatasunari egindako kantua dela.
Badakit errieta ematera etorriko zaidala hurrena ikusten nauenean, eta arrazoi osoz. Nor bere zoroak darabilela esan beharko diot, eta ez gaizki hartzeko, baina hor duela, Txoria txori-rekin, ez agian himnoa, baina bai sintonia polit bat, biharko egunean, hegoak ebaki banizkion, berak eta bere lagunek Euskal Air sortzen dutenerako, abioiak Atlantiko gainean doazela barruko bozgorailuetan jartzeko pare-parekoa.