Oporretan lanegunetan ezin egin ditzakegunak egin ohi ditugu: etxea antolatu, norberaren osasun-IATa, ibilaldi luze(ago)ak… bai eta ikerketatxoak ere.
Sine die atzeratuetako bat: Eduardo Aznar-en Tierras, gentes y voces. El legado del euskera riojano (2017) liburuko onomastika-zerrendak ikuskatzea. Euskalaritzak zor dio (baita lehenago Jose Merino Urrutiari ere, jakina). Pintxotan baino ezin aritu, baina a zer pintxoak!
Pertsona-izenetan geldituko naiz. Badirudi denak Errioxa Garaikoak direla eta X-XV. mendeen artekoak. Beraz, ez dirateke Antzinatetik letorkeen euskara baten ondorio, VIII-IX. mendeetan bertakotu zatekeen Arabatik etorritako euskara moderno eta mendebaleko batenak baizik (Peterson 2009).
Modernoa artikulua duelako (Andia 1262, Hederra 1182, Izurra 1212, Cimorra ‘zimurra’ 1281…) eta mendebalekoa, betiko Balza-z gain, Gastea ‘gaztea’ duelako (vs Garzea / Garzia). Grafian lehendik dakizkigunak jaso ditu, hala nola <f> hasperenaren ordez (Zafarra 1209) eta <gg> <tx> adierazteko (Nunnu Belagga ‘belatxa’ 991), baina baditu ezagun ez direnak ere.
Ortun Arçania izenean (1167) goizegi bide da artzaña irakurtzeko, baina beranduegi *arzani etimologikoa izateko; baliteke *arzâî idazteko modu bat izatea, bokal sudurkariekin, Mitxelenaren Acenariz-en (1057) antzera.
Gatz / gazi erkaturik, garbi ikusten da hitz bukaerako z > tz bihurtu zela noizbait. Garcia Mocza-n (1028) <cz> ez da zalantzazkoa: motza irakurri behar eta, beraz, afrikatze hura 1028 baino lehenagokotzat jo daiteke.
Ustekabe polit bat: Garci Lavoraria (1251), Euskaltzaindiaren atlasean (EHHA 1556) Iparraldeko inkesta-leku guztietan (eta Zugarramurdin) soilik jaso den hitza. Nork esango zortzi mende lehenago Errioxan —eta, beraz, Araban ere apika— erabiltzen zela?