Iñigo Aranbarri.

Herioren hazia

2025eko maiatzaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Giulio Gavotti italiar tenienteari zor zaio hegazkin batetik bonba bat jaurtitzen aurrena izatearen ohorea. Poema ederra eskaini zion Gabrielle D’Annunzio handiak: «Heriok ere badu bere hazia…». Ain Zaran gertatu zen, Libian, 1911n. Ordurako, Hagako Itunak galarazia zuen airetik leherkariak botatzea. Protesten aurrean, irakurketaren aldeko kanpainaz erantzun zuen Italiak, leitzeko ondo, hala zioela, ezetz globo aerostatikoetatik... baina itunak ez zioela ezer hegazkinez.

1920ko hamarkadan, Mussolini Italia Inperialaren ametsa betetzen ari zen Afrika ipar-ekialdean. Hartuak zituen Libia, Eritrea eta Somaliaren alderdi gehienak, baina Abisinia falta. 1935ean, Italia su eta herio sartu zen Etiopian. Genevako Itunak aginduagatik, bonba kimikoak erabili zituzten italiar abioiek zibilen kontra. Herriak, larreak eta ibaiak kiskali ziren. Gerraren amaierako, uste da barrena 175.000 zibil etiopiar hil zituztela.

Gerora bonbardatu italiarrek Gernika. Aurten, herriko alkate Jose Maria Gorroñok Italiako gobernuari dei egin dio, eska dezala behingoz barkamena, aurretik Alemaniakoak egin zuen bezala, euren hegazkinen parte-hartzeagatik txikizioan. Aldarria Arbola Santuaren eta Astra arma fabrikaren herritik bertatik egitea, deigarria behintzat bada. Ezen zibilen kontrako erasoen ardura partekatuen dinamika honekin hasita, erabaki beharko dute euskal erakundeek (Europaren armatzea gai nagusi bihurtu zaigun honetan, aukera bikaina omen bertoko industriarentzat) zer parte-hartze dagokien eurei munduko beste hamaika Gernikaren suntsiketetan, izan diren eta izango direnetan. Herioren hazia, teknologiaren garapena deritzogu orain, berton dugulako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.