Iñigo Aranbarri.

Herodesen sarea

2025eko abenduaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mantsoagatik kostatu zitzaidan inuxenteak eta errugabeak, biak, egun berean zergatik lotu ohi ditugun ikastea.

Herodesen istorioak fikzio onaren osagai guztiak ditu. Jelosia du eta traizioa, hagintea eta krimena. Gogoan izango duzue zaharrenok: heldu dira ekialdetik Hiru Erregeak Jerusalemera, Herodes Handiaren jauregira, eta galdetu diote ea badakien non sortu den zehatz profeziek agindua duten mesias haurra. Gorteko jakintsuei kontsulta eginik, «Betleem izeneko herrixkan» erantzun zien eta eskatu, mesedez, aurkitzen bazuten, itzultzeko eta esateko zer etxetan, bera ere haurra gurtzera joan zedin. Ez dizuet esan: jaioberriaren lehiaren beldurrez bizi zen Judeako erregea.

Baina Jainkoaren aingerua azaldurik ametsetan hirurei, Herodesen benetako asmoaz gaztigatu zien. Eta hala hartu zuten beste bide batetik etxerakoa. Antzeko agerpena izan zuen umearen aita Josek, amets batean hark ere: «Hartu emaztea eta haurra eta zoazte ihesi Egiptora». Erromako inperioaren txankamalo zen Herodesek izan zuenean Meltxor, Gaspar eta Baltasarren amarruaren berri, Betleemeko bi urtetik beherako ume guztiak hilarazi zituen. Hala, ezinezkoa izango zuen «juduen erregea» izateko sortuak bizirik ateratzea.

Fabula politiko gisa, ez zaigu arrotza. Ezabatu nahi duen etsaia atzeman guran, ezagun dugu haren «inguru» guztia funditu nahi izan duen agintari erorik. Urrutira gabe, egunkari honetako bertako hainbat langilek eta bestek badute zer kontatua 2003ko otsailaren 3az. Herodesen jauregitik gertuagoko hilketak eta umeak nahi badira konparaziorako, hor dago datua: 20.000 haur baino gehiago sarraskitu ditu Israelek «Hamaseko buruen» kontrako erasoari ekin zionetik. Bakea sinatu zenetik, aldiz, bi hil ditu egunero, batez beste.

Itzul gaitezen hasierako korapilora, baina. Aipaturiko guztiak eta beste asko, itsukeria politikoaren biktima errugabeak dira. Inuxenteak, berriz, geu garelakoan nago, halaxe hartzen baikaituzte, eguna joan eta eguna etorri, bateko eta besteko Herodes guztiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.