Normalak bagina, ez ginateke horrela ibiliko. Gau eta egun zalu, lasterka, arineketan, antxintxika, karran, saltaka, galapan, arin-aringa mezu bat eskurik esku eramateko. Hamaika egun hiru ordu aski direnean Atharratzetik Bilbora joateko. 2.175 kilometro egin 237 daudenean. Eguzki zein euri, ordekan zein maldan gora, lanean jai hartuta, haurrak eskutik, nagusiak gurpil-aulkian, umetuta lez. Normalak bagina, inor ez litzateke konektatuko goizeko hiruretan jakiteko non dabilen ero jendea.
Normalak bagina ez genituzke euskaldunak eta euskaltzaleak nahastuko. Bidezko neurriak hartuko lirateke eta hizkuntza eskakizunen bat eskatuko korrikalari bakoitzari, konparazio batera, B1a barrena multzoan joateko, B2a pankartarako eta C1a lekukoa eramateko. C2dunek, berriz, txosten eginean behar lukete furgonetan, hurrengorako zer hobetu ikasteko.
Baina anormalak gara. Hamaika egunez berna-oinetan dugu ahoa, eta amets egiten dugu, geure kontraesan eta fartsa guztien gainetik, herri bat garela, hizkuntza batek lotzen gaituela. Eta unea profitatuta, bestelako amets ikurren bat darama ehuneko batek edo bik korrikaldian. Eta hala agertu dira Palestinako banderak, Nafarroakoak eta ikurrinak; gaztetxeetako pankartak, sindikatuetakoak eta feministak; presoen aldeko argazkiak, Athleticeko kamisetak eta Eusko Jaurlaritzako urdin apainak… Ikur gehiegi euskararekin zerikusirik ez eta lasterketa «zikintzen» dutenak, diote adituek, egunero hedabideetan eta inoiz euskararik ez darabilten horiek. Arestian aipatutako guztiak euskararekin loturarik ez balute bezala, hizkuntza bizitzatik aparteko zerbait balitz bezala.
Normalak bagina, ikurrik gabe egingo genuke lasterka. Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak antolatuko luke The Corrica Basque Trail-a, eta euskara zikintzen ez duten esponsorren publizitatea baino ez genuke ikusiko bidean: Credit Agricole, Diario de Navarra, IMQ, Correo, Petronor...
Normalak bagina… erdaraz egingo genuke korrika. Hori bai, euskaraz azpititulaturik.