Blanca Urgell

Hi urrun baitaut

2025eko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Baionara etorri naiz eta, 1757an hemendixe irten zen gutun preziatu bati buruz hitz egin behar. Hona ekarri nauen zioa ere horrekin batera dauden gainerako gutun guztiak izan ere izan baitira, gainera.

«Ene haur maitea», diotsa Mari Darburu donibandarrak hiru urte lehenago etxetik partitua zen Marie Harboure alabari. «…ematen baitun ez dunala aspaldion gure berririk izatu (...). Nik egin dauzkinat beti untzi guzietan letrak (gutunak) eta hik ez izatu ez dun, beraz, ene faltarik».

Darburu anderearen gutun honek ere patu onik ez. Euskarazko beste 49rekin eta frantsesezko hainbatekin batera bildua izan zen, Le Dauphin itsasontziak Kanadako Île Royale (gaur Cape Breton) irlako Louisbourg-era eraman zitzan.

Baionatik irten eta, 4-8 asteko bidaiaren hasieratsuan, apirilaren 9an, Britainia Handiko gerra-ontziek harrapatu zuten. Gure Delfinak, harako salgaiak eraman arren, Frantziako erregearen kortsu-agiria ere bazuen. Horregatik, britaniarrek bahitu eta euren Almirantegoko Auzitegi Gorenaren esku utzi zuten, eskifaia eta guzti.

«Ene haur maitea, baldin hil hunen hogoi eta seiean etxetik partitu hintzela egundano hirur urte, egundano ez dinat izatu oren laurden baten errepausurik».

Alaba Louisbourgen bizi zen, Laborde jaunaren etxeko lanetan, nonbait. «Ez dauzkinat gaztigatzen ene xangrin (ene pena) guziak, hi urrun baitaut eta badinat hire beharra Jenkoak uzten naueno».

Horrela, Mari Darburu, Donibane Lohizuneko Harburua etxeko anderea, Pierre Duhalde ontzi-kapitaina senar zuena, laño-laño, egundaino gutun haren berri izatu ez zuen alabaren irrikaz mintzo zaigu guri, azal eta barne uler ditzakegun hitzez. Bai eta, oker ez banago, amak alabari noka egiten dion lekukotasun zahar bakarra ematen ere.

«Ene haur maitea, gelditzen naun hire ama mait-maitea tonbarano».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.