Azken bi urteetan ikusi dut nola zaintzak udan ere ez duen deskantsatzen. Dela gaixo dagoen lagun bat zaintzeko, dela zahartzaroan dagoen senide bat artatzeko, izan ume jaio berriagatik. Gehiengo adierazgarri batean, emakumeak ikusi ditut horretan, kobratzen batzuetan, debalde ia beti: alabak, lagunak, amak, arrebak eta amonak, batik bat. Agerikoa da, beraz, lanaren banaketa sexuala, eta horrek zaintzaren arloan duen isla. Mari Luz Estebani irakurria diogu zaintza terminoak genero-marka duela bere barnean, eta horregatik ez ditugula berdintzat zaintza eta arta. Izan ere, Estebanek dio zaintza-lanen dimentsio emozionala eta afektiboak nolabait irentsi dutela kontzeptua eta praktika bera. Ildo horretan, Lore Lujanbiok ohartarazten du nola familia, amatasuna eta «emakumeen lanak» maitasun erromantikoaren ideiarekin lotu diren, eta, hortaz, naturalizatu ditugun eginbehar horiek guztiak musu truk eta sekulako mimoarekin egitea.
Hain zuzen, arta profesionala jasotzen dute minbizia duten pertsonek, eta zaintza beharrak ere badituzte, noski. Ez nuke ongi jakingo definitzen non hasten den bata eta non bestea. Inurri elkarteak, esaterako, arta ez profesionalaz hitz egiten du, eta tribuaren zaintza kolektiboa aldarrikatu. Eta arreta non jarri ere exijitu dute. Izan ere, zer gertatzen da zaintzailea gaixo dagoenean? Zer ama izanda minbizia diagnostikatzen dizutenean? Zer ustez bidelagun zenuen senarrak zure eri-prozesua ongi ez daramanean? Nola utzi gurasokeria albo batera adiskidea gaixo duzunean? Maider Barañanok eta Alaitz Uriartek diote egungo talka nagusia dela zaintzaren kontzeptuaz hamaika adiera ditugula eta ez dugula gaia fintzen. Nik uste dut Inurritarrekin nagoela: arta publiko duina bermatuta hil arte bizi nahi duen komunitatearen elkar sostenguan. Eta hori, noizbehinka, ospatu egin behar da. Adibidez, datorren larunbatean, Usurbilen.