Zutabegintzaren ikasturtea amaitzear dagoelako ala uztailaren hamabostak Iruñerrian uzten duen gorputzarengatik, baina gaur Alexander Batthyány psikologo austro-hungariarraren Threshold liburuko pasarteak ekartzeko gogoa nuen. Batthyányk hiltzear dagoen jendeak dituen buruargitasun momentuez jarduten du. Katalogo bat osatzen du, mende askotako dokumentazioaren pasarteak jasotzen ditu, tartean gaur ekartzeko asmoa nuen —baina hurrengo baterako utziko dudan— Anna Katharina Ehmer-ena.
Horren partez, liburuaren ia amaierako pasarteak hautatu nahi izan ditut. Heriotzatik gertu egon diren pertsonei bizitza kontzientera itzultzean egin dizkieten elkarrizketetako pasarteak dira. Antza, bizitzan garrantzia txikiena izan dezakeen ñabardurak ere itzul daitezke hiltzear gaudenean —ala hiltzear gaudela uste dugunean—. Axalekoena den hitz hori ere kateatua gelditzen zaigu. Eragin genuen eta ulertu ez genuen min horren azalpena ezagutu dezakegu. Deszifraezina errebelatzen zaigu hil aurretik.
Baina beste zerbait egin zait testigantza askotan deigarria. Hara lau pasarte: «Orduan, nire bizitza osoa. Segundo bakoitza argiaren abiaduran bezala, eta halere dena uler nezakeen»; «3Dko zine pantaila erraldoi baten parean egotea bezalakoa zen, ñabarduraz gainezka zegoen»; «Gaur egun, nire disko gogorra deskargatu izan banu bezala deskribatuko nuke. Une hartan, uste dut zinta bat abiadura azkarrean pasatzearekin alderatu nuela»; «Telebista erraldoi bat bezalakoa zen, zehaztasun izugarri batekin».
Bitxia iruditzen zait ikusi zutena deskribatzeko teknologia berrienak erabiltzea berez gizakiaren psikologiarena den prozesuez aritzeko. Efektu txundigarrienak berez ekarri izan bagenitu bezala gure gorputz eta ariman integratuta. Ala bestela esanda, etorkizuneko asmakuntzak ia hiltzear gaudela ezagutuko bagenitu bezala.