Iñigo Aranbarri.

Hitz hutsak

2024ko apirilaren 21a
05:30
Entzun

Hitz potolo artean haziak gara, Lertxundiri esker kantu bihurtu zen Muniategiren poema hartan bezala: «Gure asmoak, esperantzak,/ herria, askatasuna,/ justizia, pakea,/ egia, maitasuna,/ mitoak, hitz hutsak». Gero, beste batzuk etorri ziren, ez munta txikiagokoak: amnistia, independentzia, euskarari bai… eta ezarian, halaxe bete ziren hormak pintadez eta alderdi politikoen leloz, eta hura izan zen orduko askoren benetako arbela. Orain, beste batzuk dira ikasgaiak. Kikildu dira harako letra larriok, urritu erabat eta, hormen hustasuna ederretsirik, bestela janzten dira alderdi politikoen afixak.

Nora joan diren zaharrak, horixe dago ikuskizun historiaren tabernan, baina susmoa dut, akiturik, administrazioari eman dizkiogula eskura horietako asko, baita beteenak ere, berak kudea ditzan nahieran. Kanpainan ikusi dugu. Euskararen gaia ez da ia batere agertu, ez dago arazorik dena ongi dabilen herrian, eta aipatu denean, hizkuntza eskakizunez hitz egiteko izan da, entzuteko nola inposatzen den, nola baztertzen diren euskararik ez dakiten herritarren eskubideak. Noski, hitzik ez euskaldunari egunero eragiten zaizkion tratu txarrez erakundeetatik bertatik, utzikeriaz, gabeziez, umetzeaz, transmisioaz, kultura kontsumoaz, euskal sortzaileen egoeraz. Noski, hitzik ez gaztelerari buruz, berez baita sortzez garbia eta, esaten ez bazaigu ere, kultura eta komunikazio bide natural.

Eta hala, bestelakoa da hizkera politikoa garai likidootan: kudeaketa, sustapena, solbentzia… enpresa hiztegia, nolanahi ere; erdokarik gabeko gizartea bagina bezala, iraganik gabeko faktoria batean pilaturik, orduko eskola hartako hitz hutsetatik ezer sortzeko jende ezgauza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.