Ander Perez Argote

Hitzak lubaki

2024ko apirilaren 19a
05:00
Entzun

Paradoxikoa da politika dena irudi, dena performance eta dena eszenifikazio bihurtu dutenek, halako batean, holako protagonismoa eman nahi izatea hitzari. Pello Otxandianok, ETAri buruz hitz egiteko, terrorista hitza saihestu du irrati elkarrizketa batean, eta mokoka hasi zaizkio besteak horren ondorioz. Paradoxikoa da, eta aldi berean, poztekoa litzateke hitzari irudiaren eta pantailen aurrean galdu duen boterea itzularaztea, asmo txarragatik ez balitz. Eta urrutitik antzematen da hemen asmo txarra, ikusita nola tematzen diren batzuk fronteak zabaltzen esaten ez diren hitzen inguruan, hartzen diren neurri eta jarreren bueltan kontsentsuak eraiki partez.

Jakina da, sarri, hitzek markatzen dituztela alderditik alderdirako ñabardura politikoak, hitzak ez direla hitz soil, baizik eta norberaren errelatorako zimendu. Kultura politiko bakoitzak badu bere lexiko propioa, eta eufemismoz lepo ere badabil politika, gauzak izendatzeko bidezidorren bila. Eta hala ere, egon egoten da halako malgutasun bat, besteari arazoari nahi dion izenez deitu diezaion uzteko, baldin eta oinarrian, arazoaren diagnostikoan, bat egiten dugun.

Asmo ona balego, onartuko litzaioke EH Bilduri nahi duen moduan izendatu dezan herri honek bizi izan duen indarkeriazko iragana, eta balorean jarriko litzateke egoera biolento oro deuseztatzeko borondate osoa. Zer esanik ez, jakinda terrorismo hitzari ezarri zaion karga ideologikoa eta erabilera interesatua, hitz neutroa izatetik oso urrun. Kontua ez da denok hitz bera erabiltzea, hitz bera dagoen tokian ez baitago konfrontazio politikorik.

Kontua da partekatzen ez den hitzaz lubakia egin nahi den, partekatzen den asmo onez aukera egin beharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.