Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hizki handiak eta txikiak

2016ko uztailaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kirola eta kultura hizki larriekin doazenean dira garrantzitsuak, eta ekimen pribatuak badira ere, gu denon diruekin salbatu behar ditugu. Estrategikoa da. Hizki txikiekin idatzitako kirol eta kultura ekimenen desagertzea, berriz, hutsala da. Hori gutxik esango du jende aurrean. Izan ere, ez dago ondo ikusia. Eta hobe hiritarrei galdetzen ez badiegu; begira zer gertatu zaion David Cameroni. Bilbo Basket saskibaloi taldea desager ez dadin Bilboko udalak datozen bost urteotan emango dion (diogun) miloi bat eurorena irakurri ostean sutu egin naiz. Laino ilunak jarri zaizkit aldartean. Ez da erakunde publikoek dirua ematen dioten lehendabiziko aldia. Hizki larriak, salbazioa... Bilbo Basket desagertzea hain larria da? Ez dira, bada, beste enpresa pribatu asko desagertu porrot egin dutelako edota ezin izan dietelako zorrei aurre egin? Ez, ez zait ondo iruditzen.

Gure dirua kudeatzen duen beste erakunde batek, Eusko Jaurlaritzak,60 kultur jaialdiri emandako diru laguntzak bertan behera utzi ditu. Kultura hizki txikiz. 340.000 euro dira, gutxi gorabehera, jaialdioi ematen genion dirua (Oier Araolazak Dantza.eus atarian agertu du albistea). Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdia, Bilbao Mendi Film Festival, Break on Stage, Dantza Hirian, Arrigorriagako Klown jaialdia, Caostika, Getxophoto, Bilbaina Jazz Club, Dock of the Bay, Eako Poesia Egunak, Zinegoak, Huhezi Film jaialdia, Lekeitioko Euskal Zine Bilera, Loraldia, Gasteiz Calling, Topagunearen Kultur Errota... Ez dira erakunde publiko berdinak, baina denon dirua da batean eta bestean.

Kirol eta kulturaren izen handiek itsutu egiten ote gaituzte? Diru publikoarekin babestu behar dira negozio handiak ala bidea urratzeko ezelango baliabiderik ez duten talde eta ekimenak? George Steinerri egindako elkarrizketa irakurtzen ari naiz. «Ez zaio isiltasunari beldurrik izan behar». Ez dakit zergatik gelditu naizen esaldi honekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.