Blanca Urgell

Hobe ixilik

2024ko martxoaren 13a
05:00
Entzun

Oihaneko liburua-n Louis erregeak Mowgly-ri esaten dio tximinoarena egiteaz nazkatuta dagoela, nahi duela «to walk like you, talk like you, Oo-be-do». Asko eskatzea da. Izan ere, hamaika aldiz saiatu omen dira tximinoak mintzarazten. Batzuek zientzialariek nahi zutena ulertzen zutela iruditu bai, baina lortu ez, ezta hurrik eman ere.

Arazo bi omen daude. Burmuinak hartarako egokiturik ez izatea: horra lehena. Bigarrena artikulazio-organoetan datza: duela 500.000 bat urtetik honako gure bilakabidean faringea beherago jaitsi, muturra laburtu eta arnasketan parte hartzen duten nerbioak ugaldu dira.

Jan-edanak kontrako eztarritik aiseago joaten zaizkigu, eta azkenaginak edo zuhur-haginak ere soberan bezala ditugu ahoan, gaitasun apart honen ordainetan. Zer nahiago?

Gineako babuinoei begira gaude Sverker Johansson-en En busca del origen del lenguaje liburutik. Ar gazte bik borrokan e-e-e-e oihukatzen dute; hirugarrena dator, ehuu, ehuu mehatxuka. Emea estali bitartean arra uuu-uuu-uuu dabil. Emeak aurretik pasa iii-iii-iii-iii kurrinka. Badirudi asko diotela elkarri.

Bideoan Colobus zuri-beltzak geldi-geldirik daude hosto artean, ama-seme-alabak. Oihanaren isiltasunak arriskua iradokitzen du. Eta tigreak erasoa jo duenean, oihuka hasi dira, a! eta o! Oreinek hori entzun eta arrapaladan irten dira. Bi bokal baino ez, eta oreinei bizia salbatu.

Ahoaren tutua zabaldu edo estutzea eta mihia mugitzea baino ez dute eskatzen bokalek. Tximinoek bost bokal ahoska ditzakete. Bai horixe: euskaldun gehienok bezalaxe. Kontsonanteak ahoskatzeko, aldiz, mugimendu sofistikatuagoak egin behar, eta tximinoek ezin.

Halere, sarritan hobe ixilik, tigrearen zain. Oh, oobee doo...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.