Goizalde Landabaso
Larrepetit

Hodei

2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bart de Weber Antwerpen-go alkatea da. Berak eta biok badugu, gutxienez,kointzidentzia amankomun bat: ez dugu Hodei Egiluz ezagutzen. Nik lerroburuetan irakurri nuen bere izena lehenengoz, eta jakin nuen Galdakaoko gazteakAntwerpen hirian egiten zuela lan. Bart-ek, ziurrenen, mahai gaineko txosten batean izan zuen Hodeiren berri, eta, seguruen, gaztearen jaioterria kokatzeko mapa batera joan behar izan zuen. Gu biontzat arrotza da Hodei, urruntasunetik begiratu dugulako beti. Bizi garen garaiotan asagotik behatzen dugu bizitza eta begiratzen ditugu pertsonak. Ezelango inplikaziorik gabe. Errazagoa da. Zenbakiak gara, giza baliabideak, eta gero eta gutxiagotan, pertsonak. Zer nahi duzu esatea, Bart, ni nazka-nazka eginda nago despertsonalizazio garai honekin. Gogaituta izen-abizenak eta aurpegiak baztertzearekin, aditz inpertsonalekin.

Egin dezagun guk gure ariketa enpatikoa. Jar gaitezen Hodeiren gurasoen soinetan. Zer sentitu behar da zure baita zulo beltz batek okupatzen duenean? Maite duzun norbait, bat-batean, desagertzen denean? Hutsak egunero-egunero malkar ertzera zaramatzanean? Pentsa dezagun, Bart, Hodei ez dela txosten-zenbaki bat, ez dela lerroburu bat; gure semea dela, gure laguna, gure bikotekidea, gure senitartekoa. Goazen muturreko egoerara. Maite dugu hiri ezezagun batean desagertu den hori, eta hain da doloragarria bere hutsunea, hain lakatza, ezin dugu arnasarik hartu, ezin dugu bizi. Herstura existentzial horretan orakarri bakarrari eutsiko diogu: bilaketa gauza lezaketenei. Hots, zuri zeuri. Utopiko eta erromantiko dei nazakezu, Bart; nik oraindik ere zerbitzu publikoaren eraginkortasunean sinesten dut, bere borondatean, albokoa laguntzeko prestutasunean.

Hodei Egiluzek eta biok badugu gauza amankomun bat: ez zaitugu ezagutzen, Bart, eta, hala ere, zugan dugu fedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.