Hugo Chavez Frias 2013ko udaberria iritsi aurretik hil zen, eta, handik egun batzuetara, Epifanía izeneko pieza idatzi zuen Ignacio Ramonet-ek Le Monde Diplomatique-n. Emiliano Zapataren, Che Guevararen eta Salvador Allenderen mailan jarri zuen.
Hugo Chavez jaio zenean, Ramonetek kontatzen duenez, ezin zen jakin ohiz kanpoko norbait izango zela Venezuelako mendebalde urruneko herrixka hartan 1954an jaiotako behin-behineko irakasle gaizki ordaindu horien bigarren semea. Hugo eta anaia nagusi Adan amona Rosa Ines-ek hezi zituen, mestizo afro-indigena bera; Chavezen biografoek nabarmendu ohi dutenez, hura izan zen Chavezen mundu ikuskeraren zutabe nagusia. Buztinezko eta lastozko etxe batean bizi ziren, urik eta elektrizitaterik gabe, kaleko salmentatik Rosa Inesek ateratzen zuen xoxarekin. Harekin ikasi zuen Hugok lurra lantzen, landatzen. Historiaz hitz egiten zion asko: Simon Bolivar, Ezequiel Zamora eta Pedro Perez Delgado Maisanta.
Zientzietako ikasle aparta izan zen Chavez institutuan. Chavez gaztearen ametsa beisbol jokalari izatea zen, horregatik sartu zen akademia militarrean, eta han hasi omen zen auzi militarrekiko haren zaletasuna ere. Haren anaiak zaletu zuen txikitatik sozialismo iraultzailearen irakurketetan, akademian sartzean hasi zen Marx, Lenin, Gramsci eta Fanon zaletzen.
Bistan da, mandatari bat haren mandatuengatik epaitu behar dela, baina inperialismoaren basakeriaren garaian, oso bizi gogoratu ditut XX. mendea amaitu aurreko urteetan, Euskal Herriko aurrerazale mediatiko eta domestikoek, zenbat baina jartzen zizkioten oraindik garatzeke zegoen chavismoari. Arazoa zen Chavez militarra zela (beste zer izan zitekeen klase horretako mestizo hura?), txandala zeramala, beisbola maite zuela, eta abestea eta dantzatzea. Arazoa zen irribarretsua zela. Arazoa, burges txikientzat, Chavez langile jatorrikoa zela zen, eta buruz zekizkiela Marx eta Biblia, eta azpiegiturak sortu zituela azken txabolak elektrizitatea izan zezan eta zeharkako txirula ikasteko aukera izan zezaten.