Azken hilabeteetan eman didaten gomendio onenetakoa izan da tesia amaitu bitartean paseatzera joatea. J-k esan zidanean azken etapa horretan ibiltzera irteten zela, segituan galdetu nion: «Ideiak ordenatzeko?», eta berak erantzun batez ere buruari deskantsua emateko eta gorputzean arreta jartzeko egiten zuela. Esan eta egin. Mahai aurrean idazten bezainbat denbora pasatu dut oinez udan.
Erratzun aurrena, aitita eta amamarenetik Xorroxinera egin dut txangoren bat edo beste. Bidean, baztandarrik ez, eta turista saldoarekin joan naiz Baliko ur jauzi batera joango banintz bezala. Niretzat txikitako paseoa dena beste era batera bizitzeko aukera izan dut, beraz. Gero Donostiako Antigua auzoan egon naiz beste senide batek utzitako etxe batean. Gogoratzen naiz soziologiako irakasle batek proposatu zigula behin jolas situazionista bat, hartzeko beste hiri bateko mapa eta joan gintezela oinez, adibidez, Erromako Piazza Navonatik Trasteverera joango bagina bezala. Nire etxe azpiko izozki dendan zegoen ilara ikusita, Donostiaren turistifikazioak goia jo duela iruditu zait, Erromako maparen beharrik gabe. Hasi dut Donejakue bidea, eta aterpetxeetan ezagutu ditugun erromesei esan diegu «Saint Jean Pied de Port Frantziako herri txiki hori» guretzat Donibane Garazi dela, eta Euskal Herrian gaudela. Egin ditut pasilloan aurrera eta atzera paseoak eta etxetik ibaiertzera eta buelta, adineko ahaide batekin eta haren zaintzailearekin. Ikusi ditut parkean gizon-emakumeak aulki gurpildunean eta haien zaintzaile arrazializatuak bankuan eserita.
Metrokoadrotarrekin ikasi dugu deribak egiten, baina sorkuntza-ariketarik gabe ez ote dudan nik deriba gehiegi ikusi hilabete honetan...