Etxe inguruan badira zuhaitzak, zuhaixkak eta soroak. Mikak non-nahi dabiltza egunotan. Bikoteka ibiltzen zirela uste nuen, baina oker nengoen: «One for sorrow, / Two for joy, / Three for a girl, / Four for a boy, / Five for silver, / Six for gold, / Seven for a secret / never to be told». Ume-kanta hau ezagutu orduko mika taldeak ugari ikusi: han zazpi... Ez, zortzi! «Eight for a wish / Nine for a kiss...».
Erromatarrek uste zuten mika arras azkarra dela. Ameriketako natibo batzuek jainkoaren mezularitzat zeukaten; besterentzat haren luma janzteak ausardia adierazten zuen, eta abar. Dena on. Aldiz, Eliza kristauak zabaldu zuen mikak ez zuela negarrik egin Kristo gurutzean hil zenean. Gainera, ba omen dauka mihian deabruaren odol-tanta bat: ebakiz gero, hitz egiten hasiko litzateke.
Txori txarra delako ideiatik zori txarra dakarrelako ideiara. Bakarra ikusiz gero, abestu: «Batek nahigabea, / bik poza...». Edo agurtu adeitsuki: «Egun on, mika anderea, zer moduz daude mika jauna eta mika umeak?». Edo tu egin hiru bider sorbaldaren gainetik. Aukerak ez dira faltan.
Euskaraz ere, mikak ez du izen onik. Ohoina da, edo lapurra. Pika-buztana izatea zer den, Barbierrek azaldu zuen ongi: «[Halakoak nor-nahik] derabilzka, haizeak pikaren buztana derabilkan bezen errexki». Mikaren azken umea izatea ere ez on, antza denez; Zubiri luzaidarraren honetan, kasu: «Ikusiko die adixkideek ez nizala pikaren azken umia, ez eta ere irri egiteko errekaitu bat».
Mikak non-nahi dabiltza egunotan. Hedabideetan ere haienak baino kurrixka garratzagoak entzuten dira etengabe, gara-gara. Ez al zituen entzungo gure Barrutiak mihi gabeko mikaren hitzak? Nun aiz Asmodeo? Non aiz Berzebu? Okasino honetan fabore indazu! Fabore infernua, fabore, fabore! Lagun izango dogu Erodes errege. Zierra, zierra! Gerra, gerra!Ez dakit hiru bider tu egitea aski izango den, Europa.

LARREPETIT
Ika-mika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu