Azkoiti-Azpeitietako 1766ko matxinadak badu pasarte interesgarririk gaurtik begiratuta ere. Hara bat: azkenerako giroa baretu zela eta, Te Deuma antolatu zuten Loiolako elizan bailarako jauntxoek eta apaizek; jainkoari esker oneko meza solemnea, alegia. Segizioa Azpeitira itzultzean, oihu batean atera zitzaien bidera Agustin Ozerin kapelagilea: «Mekauen prozesioa eta justizia!». Hala salatu zuen lekuko batek denboragarrenera matxinada buruei egin zitzaien epaiketan. Halaber aitortu ziola Migel Agirre delako bati, baldin eta hori bazen handiki jendeak nahi zuen legea, hobe zela deabruaren legea nagusi zedin ezen ez jainkoarena.
Ez da interpretatzen zaila. Botereak zerabilen farfaila eta hizkera salatu nahi zituen Ozerinek. Zer da justizia urte luzez bidegabekeria eragin duen elite horren ahotan? Zer da legea puzker hitza besterik?
Egunotan, eta Trumpek darabilen giza ehizaren harira, Agustin Ozerinena egin du Chicagoko alkateak kazetari batek prentsaurrekoan «atzerritar ilegalak» aipatu dizkionean. Beroa gorde gabe erantzun dio Brandon Johnsonek: «Ez dizut utziko horrela mintzatzen. Hemen ez dugu atzerritar ilegalik. Badakizu nola deitu izan zaion legez nire herriari? Esklaboak. Mintza gaitezen egoki. Agiririk ez duten pertsonak dira». Esan gabe doa, afroamerikarra da Johnson jaun mera.
Ellie Wieseli zor zaio oharpena. «Ez dago ilegala den gizaki bakar bat», aldarrikatu zuen 1986an Bakearen Nobel saria jaso zuenean. III. Reichak legezko bihurturiko Holokaustotik bizirik aterea zen Wiesel. Hitzak ez datoz hutsik. Nondik gatozen eta non gauden erakusten digute. Eta egun, «ilegala» kategorizazioa da, gu ez diren horiek nabarmentzeko erabilia. Ezen, orduan, zergatik ez darabilgu «enpresa ilegalak» edo «familia ilegalak» paperik gabekoak lanerako hartzen dituztenak deitzeko?
Ozerin ahozikinak legea zuen zain. Donostiara preso zeramatela, baionetaz sastakatu zuten Tolosan, San Estebaneko ermita parean. Hori bai, bizirik atera zen, Wiesel bezala.