Goizeko hamarrak dira, igandea. J-rekin geratu naiz hondartzara joateko. Donostian bizi da eta tren geltokiko plazan itxaron nau. Elkarrekin goaz Easo kalean barna Kontxarantz. Dagoeneko bero itzela egiten du eta Artzain Onaren eta Londres hotelaren arteko altueran denda batera sartu gara ur bila. Dendan gu eta turista bikote bat besterik ez dago. Ordaintzean, dendariak gaztelaniaz galdetu dio J-ri ea poltsarik nahi duen. J-k «ez» erantzun dio, euskaraz, eta, halere, poltsa eman dio dendariak. J-k ezetz, ez duela nahi poltsarik, dendariak «pero si me has dicho 'yes'», baietz esan diola ingelesez. Nire laguna sinistu ezinda geratu da eta erantzun: «Ez, 'no' in basque».
Barrez, baina haserre irten gara dendatik, eta hondartzan J-k esan dit halakoak maiz gertatzen direla Donostian, batez ere oraindik etxea diren toki horietatik kanpo. Dena basque baina euskara gutxi. Ahizpa ere Donostian bizi da eta bere tesiko landa koadernoa pasatu dit J-rekin izandako anekdota kontatu diodanean. Besteak beste, Donostiako Parte Zaharreko gentrifikazio gastronomikoa ikertzen ari da. Typical Basque Cheesecake-ak edonon, eta Spanish sangria-k eta international açai-ak ere bai, denak zaku berean turista aseezinak zentzu sinboliko eta literalean elikatzeko. Bien bitartean, azokako saltzaileak oraindik eraikin definitiborik gabe daude behin-behineko karpen azpian, eta arrandegi batzuk ixten ari dira. Identifikatu ditu oraindik baskitis turistikoak kolpatu gabeko etxeak, baina egia da etxekoak gero eta gutxiago hurbiltzen direla Parte Zaharrera.
Esan ziguten turismoak onura besterik ez zekarrela eta labeko gazta tarta bertakoa zela. Baina, oraingoz, ez bata ez bestea egia direnik ez da frogatu.