Ez banintz hemen bizi, itsu-itsuan sinetsiko nioke Imanol Pradales lehendakariari. Agian tonua da, batzuetan transmititzea lortzen duen onberatasuna, edo pantaila gibeleko gabonetako arbolaren argiak dira bestela, sorgindu nautenak. Kontua da zintzo itxura nagusitzen zaiola horrela mintzatzen zaidanean. Horregatik, hemen biziko ez banintz, zergatik ez nioke sinetsi beharko dioenean «inork ez duela lortuko euskal herritarrok euskaraz aritzeko dugun helburua zapuztea»?
Miragarria deritzot agintariek halako egunetan euren ardurak inoren bizkar utzi eta beste zerbait bihurtzeko duten gaitasunari, ezen Urtezahar gaueko agerraldian, euskaldunak behin eta berriz zapuzten gaituen administrazioaren nagusi izateari utzi eta maltratatu linguistikoen aldera pasatzeak, badu meritua, eta ez nolanahikoa. Inork ez omen du lortuko zapuztea, harrapazank Txiribiton. Bota beharra dago aurpegiko zeinurik egin gabe, baina ulertzea ez da zaila. Epaileak ditu gogoan Pradalesek seguruenik, eskuin muturretako tropak, Espainia, Frantzia… zuek ez dakit, nik aditu diot zer esan nahi duen «inork» horrekin.
Badute hori eguberri jai hauek. Txintxin eta txintxon, eguneroko zerak ahaztu eta beste errealitate batean bizi garela sinestera jolasten gara, ilusioa eta populismo naifa, jatorkeria eta opariak oinetakoetan. Nekez uler liteke bestela zertan dabilen EAEko lehendakaria euskal herritar guztion «hizkuntza helburuez» lasai ederrean hizketan; Hazparneko, Tafallako, Iholdiko edo Ospitalepiako euskaldun baten garante nondik eta Ajuriaeneatik. Baina bota hala ere, eta ez gaiztoz.
Horretan nabilela, albistea Gipuzkoako kazetarik salduenean, ibilgailuan osten badizute Donostiako Ertzaintzak jarri ohi duen oharraz. Irakurtzeko moduan dago poliziak autoetan jarritako jakinarazpena: «Norbaitek zure ibilgailu barruan lapurtu du. Mezedez, joan edo dei ezazu Donostiako ertzainetxeari».
Ez dabil oker Pradales. Inork ez du lortuko.