Mendebaldea deritzogun hori ogi zerutik etorria banatzen hasten den aldiro, Bartzelona datorkit gogora. 1909ko uztailean, Rifen gauzak beltz eta Espainiako gobernua tropak bidaltzen hasi zelarik, jaup egin zuen jendeak. Ezin gehiago, gerrara zihoazenek part bota zituzten uretara portuan bertan eman zizkieten eskapulario eta dominak. Moilatik, lagun zuten herri xehea: «Gerrarik ez! Doazela aberatsak!». Auzia Kubako gerra garaitik zetorren: aberaskumeak libratu egiten ziren joatetik ordainduz gero. Etxera jornala eramaten zutenak zihoazen eurena ez zen gerra batera hiltzera.
Handik lasterrera, Lehen Mundu Gerraren kari, beste horrenbeste gertatu zen Europan. Langile mugimenduek propaganda, grebak eta nazioarteko biltzarrak erabili zituzten gerra gelditu nahian. Galdera legarrik gabea zen: Nork du benetan interesa gerran? Alferrik. Arrazoi aberkoiak nagusitu ziren azkenerako. Aberria, 1967an alistamendukoak Muhammad Ali-rengana joan zirenean erabili zuten arrazoi berbera: «Ni ez noa. Vietcong-ekoek ez didate ezer egin», eman zien arrapostu boxeo txapeldunak. Ordurako aldatua zuen Cassius Clay «esklabo izena». Mitoak dio, Bartzelonako soldaduek bezala, uretara jaurti zuela berak ere domina, Erromako Olinpiar Jokoetan irabazi zuen hura, azal koloreagatik lekoratu zuten batean.
Azken oldarraldietan legez, eta gerra teknikak ere aldatu direlako, erasotzaileak orain ez digu soldadu joateko eskatzen; fedea galdatzen digu, besterik ez. Bera arduratuko da guztiaz. Langile klasearen batasunaren arriskurik gabe eta garai bateko Aberriaren deia postmodernitatean urtua, ondo kuota merkea eskatzen zaigu: izan dezagun konfiantza, orain mende bete gizartea astindu zuten galdera humanistak bazter utzita, utz diezaiogun Kapitalari egin behar duena egiten, besteak beste, gasolinaren prezioak ez gaitzan ito.
Nekez etika garaikidearen erretratu gordinagorik.