Orain gutxi izan zen, bizikletan zindoazten Beriain mendiaren magaletik, Unanun, eta elkarri seinalatu zenioten pareta bateko margoketa. Lemoiz ez, letra beltzak porlanaren gainean. Pintadak gutxienez berrogei urte izango zituela komentatu zenuten orduan, eta zuk beste garai bat irudikatu zenuen horma hori espraiatzen, eta testigantza bat, noizbait gertatutakoaren seinale. Eta pentsatu zenuen, azken hamarkadetan, izango zirela berdin-berdin errepikatuko ziren milaka margoketa, leloz berdin eta irudiz berdin, baina hura ez, hain zehatz, une eta borroka konkretu bati lotua.
Zuretzat, izan ere, sepia koloreko argazki eta gurasoen Renault 11ko eguzkiaren pegatina dira nuklearren aurkako borroka. Gainditutako aro eta aldarri bat, beste noizbaiteko kontua, edo behintzat, borrokaren lekukoa hartutakoan, aurreko belaunaldiek lehentasunen artean utzi ez zizuetena. Lemoiz eraiki ezean, aza besterik ez omen genuen jango, eta bistan da ez dela hala izan.
Aste honetan, ordea, inoiz jazo gabeko itzalaldia jazo da Iberiar penintsulan, eta ondorioz, Hego Euskal Herrian, eta harriduraz ikusi duzu nola hasi diren hainbat ahots energia berriztagarriak erruduntzat seinalatzen eta zentral nuklearren alde egiten, noiz eta, Espainiako Gobernuak diseinatutako planaren arabera, estatutik desagertzera doazen.
Eta alferrik da adituetan adituenak berriztagarrien erantzukizuna ukatzea. Hori du egun arlo oro zipriztintzen duen bataila kulturalak, gezurrerako ere prest daudela batzuk, atzean utzitako balio eta bizimoduetara itzultzeko haien tema muturrera eramateko balio badu.
Eta hori egiten zaizu zuri amorragarrien, ustez irabazitako batailetara behin eta berriz itzuli beharra, orain berrogei urteko pintadetara, borrokarako geratzen zaigun energia apurra besteek inposatutako markoetan xahutuz, bestelako lubakietan eta guda berrietan egon beharko genukeen honetan.