Azken asteetan etorri zait gogora Berlingo Bendlerblock-en dagoen Alemaniako erresistentziari jarritako plaka. Oso eztabaidatutako gertakizun baten ingurukoa da: 1944ko uztailaren 20an Hitler hiltzeko asmoz egin zen atentatuaren konspiratzailearen omenez.
Plaka horrek, gutxienez, bi ildo interesgarri zabaltzen ditu egun Palestinan gertatzen denarekiko. Aurrenekoa, eta duela bi urtetik, ebidentea da: Israelgo Estatuaren barne eta kanpo posizioak ahultzen dituen pertsona, erakunde ala gertakizun oro da baikorra sionismoaren aurka. Ezinbestekoak dira ekimen guztiak. 1944ko uztailaren 19ra arte armada nazikoak izanda Hitlerren kontra ekin zutenak ere gogoratu behar dira Hitlerren erresistentzian.
Baina alde nabarmen bat dago 1933ko Alemaniaren eta 2025eko Israelen artean. Gabriel Arestik ongi gogoratzen zuen bezala, errealitate eztabaidaezin bat dago Alemaniaren kasuan: Marxena izan zen Hitlerrek adopzioz hartu zuen aberria. Alegia, 1918ko iraultzetatik milaka langile alemanek ahal zuten guztia egin zuten botere burgesaren eta nazien kontra. Eta hala hil zituzten naziek komunistak, sozialdemokratak, juduak, kristau protestanteak, katolikoak, Jehovaren lekukoak, ijitoak, sindikalistak.
Israelgoa, oso bestelako gizarte bat da: estatu kolonial bat da. Israelen bizi diren judu ia guztiak dira kolonoak ala haien ondorengoak, apenas dagoen 1871 aurreko judurik, eta daudenak zokoratuta daude zeharo. Horrek esplikatzen du azken hamarkadetan eskuin muturrera eta faxismora lerratu den gizarte horrek ez duela irtenbiderik Israel Handia genozidioaren bidez inposatzea ez bada. Israel ezin da desnazifikatu. Ez du barnean giza eskubideak eta kolonialismorik gabe eraikitzeko gizarte atalik, Kneset ia osoa dago Palestinako Estatuaren existentziaren kontra. Azken hamarkadetan sionista izanda ere kritiko izan diren zenbat ehunka intelektualek ihes egin behar izan dute.
Horregatik egiten zait hain bitxia zalantzan jartzea estatu faxista hori desegin behar dela, suntsitu, deseraiki, norberak atsegin duen hitzarekin. Hegoafrikako apartheida bezala, Aljeria frantsesa bezala, Hego Rhodesia bezala.