Goizalde Landabaso

Istripuak

2023ko azaroaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Istripua. Horrela esan dio Joel Guerriau Frantziako Horizons alderdiko kide eta senatariaren abokatuak jazoerari. Joan den asteartean Guerriauk bere Pariseko apartamentura gonbidatu zuen ordura arte adiskide zen Sandrine Josso diputatua. Guerriauk (ustez, noski) droga sartu zion edarian. Helburua, Josso bortxatzea (ustez, berriz ere). Diputatua, baina, txarto sentitu zen. Gertatutakoaz jabetu eta ahal izan zuen moduan atera zen apartamentutik. Ospitale batera heldu, jazotakoa esan, eta probak egin zizkioten. Analisiak argiak izan ziren: odolean extasia zuen. Sandrine Jossok salaketa jarri zuen lagun ohiaren kontra. Poliziak Guerriau-ren etxea arakatu, extasia aurkitu, eta senatariari droga analisia egin zion. Bere odolak opiazeo, cannabis, anfetamina, kokaina, eta extasi zantzuak zituen. Istripua diotson abokatuak Guerriau gizon zintzoa dela dio.

Gordan Grlic Radman-ek ere istriputzat jo zuen. Europako atzerri ministroen batzarra egin zen Berlinen, eta argazkia ateratzeko orduan, Kroaziako ministroa (Gordan Grlic Radman) Annalena Baerbock Alemaniako ministroa alboan, agurtzera joan eta (zer istripu izango ote zuen buruan!) ezpainetan musu emateko keinua egin zuen hamaika hedabideren aurrean. Alemaniako atzerri ministroak burua biratu zuen txunditurik. Istripua izan zela esan zuen.

Klinika pribatu batean langile bat 82 urteko emakume bati proba batzuk egiten ari zitzaizkion, eta ohetxoan etzanda zegoelarik andrea, zutiturik zuen zakila eskuetan jarri zion, behin eta bigarrenez. Istripua ere bai. Epaitua izan da.

Zenbat istripu, gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.