Iruditzen zaizue esajeratuak garela, histerikoak, asmalariak, mendekuzaleak. Hala iruditzen zaizue, diozuenez, jada beste eszenatoki batean gaudelako. Zergatik? A bai, modu orokortuan, nonbait, nolabait, noizbait kontsentsuatu delako ez gaituzuela hil behar —munduan egunero 137 emakumek bizia galdu arren beren senide edo bikotekideek hil dituztelako—. Orduan, egon, eskerrak ematea tokatzen da orain, ez dakit… bizitzea merezi dugula onartzeagatik? Ederki ba, 2025ean gaude eta hori da oinarria eta topea. Hortik aurrerako guztia, konspiranoia transfeminazi hutsa.
Esajeratuak ginela zenioten Cristina Fallaras kazetariak Ayax raperoaren erasoak sarean partekatu zituenean. Gero etorri zen abeslariaren salaketa, epaiketa… eta duela bi egun Fernando Costa raperoaren tiradera. Orain sinisten dituzue erasoak jasandakoak, gizonen arteko isiltasun paktua hautsi denean hain zuzen. Histerikoak garela diozue Zuriñe Rodriguezen gisako kazetariek behin eta berriro seinalatzen dutenean konplizitate ehundura bat dagoela gizonen artean. Deitu anaidia, deitu bezero sarea, kontua da ez diguzuela uzten nahi bezala publikatzen, ez gaituzuela deitzen telebistako debateetara, erasotzaileari abisatzen diozuela zerbait argitaratzear bada… Histerikoak garela diozue, baina gero Feministaldia bezalako espazio batean elkartzen gara hiru kazetari feminista, eta ohartzen gara denoi pasatzen zaigula gauza bera, eta guk ere badugula erantzuteko sare bat. Asmalariak garela diozue, baina fikzioa zuena da duela astebetera arte berdintasun teknikaririk ez zuen EAEko herri bakarrari Espainiako Berdintasun Ministerioaren sari bat ematen badiozue. Mendekuzaleak garela diozue, nabarmentzen duguna, hain justu, batetik eta bestetik airos ateratzeko duzuen inpunitatea izanda ere.
Esango duzue esajeratuak, histerikoak, asmalariak, mendekuzaleak garela, eta ez gaitu harritzen, itun zaharraren forma berriak baitira zuenak.