2016an Begoña Echeverriak Duvoisinek Testamentu Zaharraren itzulpenean erabilitako noka aztertu zuen. Lana ez dut zuzenean ezagutzen, baina aurreko hilean ikasle batek nokaren higatzeaz aurkeztu zuen Gradu Amaierako Lan bikainean (Lascaray, 2025) kontatu zigun —argitaratuko ahal da!— behin bakarrik ageri direla emakumeak elkarri noka egiten, eta liliak dira Duvoisinen esanetan, hots, prostitutak.
Berpasa arin batez, Euskal Klasikoen Corpusean 1900 arteko testuetan (dun, dinat eta deraun-/daron- formak soilik begiraturik) gehienetan gizona mintzo zaio noka emakumeari —dela aita edo neba, dela senar edo amoros—, eta arras gutxitan ageri dira emakumeak elkarri noka.
Emakumeak elkarri hitz egiten non ageri diren jakin nahiko nuke nik gure testu-tradizioan; emakumeak non ageri diren ere bai, baina tira: geldi gaitezen gure aferan gaurkoz.
Hiru obratan baino ez dut aurkitu emakumeen arteko noka. Joan Batista Elizanbururen kopletan (1855-1867). Iragan besta biharamunian izenekoan, «lau andre, hiru mutxurdin, bat alarguna, jarriak itzalian» ageri dira, elkarri etengabe noka. Harrituko zarete badiot Bechdelen testa gainditzen duela, emakumeak lau baitira, izenak ezagun baititugu (Maria, Katixa, Marixume eta Mari-Martin) eta ez baitute gizonik aipatzen. Alabaina, mozkor eta xorgin deskribatzen dizkigu idazleak, barregarri.
Wenworth Websterrek (1877) bildu tradiziozko ipuinetan, berriz, amak alabari egiten dio: «Ez dakin? Hor dugun gizonaren emaztea erdi dun. Hua ikhusterat iyan lo dagoen». Ama-alaba artekoa da, halaber, Hiriart Urruty-rena, doi bat modernoagoa (1912): «Zer nahun, haurra? Urrikari dinat».
Ene azterketañoaren emaitzak uste baino are urriagoak dira, gure testu-corpusa nokaren erabilera historikoa aztertzeko eskasa dela erakutsirik. Dena dela, aztertu beharko da, ezta?