Izenak bidaiariak dira, gizakiak beste edo gehiago. Ezin jakin zergatik —futbolagatik ez bada, Iker eta Julen lekuko— EAEn gehien ipintzen diren izenetan Ibai ere, adibidez, Espainia osoan aurkitzen da (INEren datuak), eta ez gutxi: batez besteko 16,5 urteko adinarekin, 472 daude Bartzelonan, 329 Madrilen, 108 Kantabrian, 98 Valentzian, 86 Zaragozan, etab. Izen «zailagoak» —besteak beste h dutenak— ere badira, baina ez horren hedatuak: Oihan (batez beste 10,7 urte), kasu, Bartzelona (34), Madril (25), Burgos (12), Tarragona (11) edo Valladoliden (5). Aiur (batez beste 5,8 urte) oraindik ez da Euskal Herritik atera, Bartzelonara izan ezik (7), baina Unax arras zabaldurik dago, eta badakigu zergatik.
Alderantziz, Eustaten arabera, gurean 2020an Laia bigarren izenik ipiniena zen, nahiz katalana izan (edo horrexegatik). 2022an izen arabiarretan Amira (55.a, 22 ume) eta Aisha (88.a, 14 ume) sartu ziren lehenengo ehunen zerrendan neskatoetan, eta Mohamed (61.a, 24 ume) eta Ahmed (92.a, 15 ume) mutiletan.
Erdi Aroan ere ez da erraz jakingo izena norberaren jatorriari zor zaion edo dena delako jaierari. Dena den, Emiliana Ramosek (2014) aztertutako Oñako monasterioaren (Burgos, Espainia) dokumentazioko euskal jatorriko izenak ziurrenera 750. urteaz geroz Asturiasko erresumaren eta Al-Andalusen arteko mugan kokatu ziren mendebaleko euskaldunei eta haien ondorengoei zor zaizkie, hala nola Didaco, Oveco eta Velasco, hirurak euskal -ko txikigarriarekin.
Berriz, Garcia, Eneco eta Semeno nafar izenak dira, geroagokoak, ez izaeragatik nahitaez (*gartze ‘gazte’, ene ‘nire’ eta seme oinarrietan, lehena bakarrik dateke nafarra), baizik eta nork erabili ohi zituen eta horri kasu emanik.
Eta, bai, begiratu dut Anari, eta jadanik badira 21 Gipuzkoan eta 6 Bizkaian. Goazen, arabarrok!