Hala diote, izena duenak izana duela. Eta esakuneak mitologia maite duenarentzat balio badu ere, ondorioa du ments egunerokoan dabilenak; alegia, zer zara izenik ez baduzu, hutsa besterik?
Izenaz eta izena ukatzeaz, hor dugu Eduardo Galeanoren poema ezagun hura: «Inorrezak: inorenak ez diren seme-alabak, ezerezaren jabeak./ Inorrezak: bakarbatezak, menostuak, goseak amorratzen dituenak,/ bizitzak hiltzen dituenak,/ izorratuak, berrizorratuak./ Ez direnak, badiren arren./(…) Ez dutenak izenik, zenbaki bat besterik».
Aski dugu arreta emanda. Ez dago herririk izen handi gaberik. Areago, izena dute haien zerbitzuko animaliek ere. Hala, gauza jakina da Marengo zeritzola Napoleon Bonaparteren zaldiari, Babieca El Ciden behorrari eta Soks Clintondarren katuari. Hainbat kulturatan, abizena galtzen du emakumeak senarrarena hartzeko. Eta Kunta Kintek munduko zartada guztiak jaso zituen bere izena ahaztu eta nagusi esklabistak ezarritako Toby onar zezan. Izena ahala da. Izena ukatuta gutxiesten dugu bestea. Hala mintzo da boterea.
Orain hurrena, Espainia eta Saudi Arabiaren arteko futbol partida telebistan. Hiru esatari hizketan. Bada kontaketan, jokalari batzuek izena eta hamaika istorio zuten artean, izengabeak ziren gainontzekoak. Askora jota, «atezaina» zen, edo «arabiar aurrelaria». Profesional trebeak ziren hirurak, aurrean Frantzia edo Argentina izatera bestela jokatuko zutenak. Baina zergatik nekatu izenak ikasten berehala kanporatuko badituzte, izen guztiak berdintsuak badira, ikusleari ere bost axola bazaio.
Ezin ditugu munduko pertsona guztien izenak ikasi. Horrexek egiten du politikoa hautua, nor aipatu eta nor ez. Horretan leziatzen gaituzte hedabideek egunero.