Blanca Urgell

Izenik behar?

2024ko otsailaren 7a
05:00
Entzun

Larunbatean Altzo herria ezagutu nuen, lehenik laino artean eder eta gero, eguerdian, eguzkiak jo eta alaiago. Altzo Azpi auzotik sartu, mendian gora-gora egin eta goiza poliki igaro genuen Altzo Muñon kontu kontari.

Bisitak pizgarri asko zeuzkan. Ez nekienetako bat, Altzoko jendearen atsegina: estimatua dago. Banekiena, urtero ikasleei aipatzen diet-eta, Altzo Azpin sartu eta berehala ikusi nuen Olazabalgo San Salbador eliza, antzina monasterioa izandakoa. Ez nuen barrendik ikusterik izan: derrigor itzuli behar. Hari buruzko dokumentu batean hasperena egoteagatik aipatzen diet (Haralarre, Zuhaznabar...), baina badu besterik.

Kontua da Garzia Azenariz eta Gaila senar-emazteek San Salbador monasterioa eta Oria ibaiaren alde bietan Aralarretik Aiarainoko haren jabetzak dohaintzan eman zizkiotela Huescako San Juan de la Peña monasterioari 1025ean. Dokumentua orduan Ipuskua zenaren berri gorde dutenetan zaharrena-edo da.

Jabetzak egiatan Gailarenak ziren (Gaila Iputza deritzate bestetan). Isabel Mellén-en Tierra de Damas (2021) irakurri dutenek badakite Erdi Aroan elizak-eta emakumeek eraiki eta kudeatzen zituztela, ez Elizak, are gutxiago senarrek.

Gaila izena aintzat hartua du Euskaltzaindiak, baina ez dirudi inork erreparatu dionik, INEren datuen arabera, ezta Gipuzkoan bertan ere. Alaba antzinako handikiekin lotu nahi ez lukeenak, baluke Gaila oriontarra erreferentetzat hartzea. Bai, ondo idatzi dut: ez oriotarra, Oria ibaia itsasoratzen den herrikoa, ez, Orion konstelaziokoa baizik, Star Trek IX filmeko pertsonaia.

Hona hemen, irakurle, BERRIA egunkariaren zerbitzu berri bat haurdun direnentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.