Ikasleei kontatu ohi diet adituek 1350-1550 artean norvegierak jasan zituen aldaketa handien hasiera —eta norvegiera zaharraren bukaera— markatzeko gogoan hartu dutela Izurri Beltzak 1349an norvegiarren %60 hil zituela. Bakarrik.
Dekameron-etik kanpo ezer gutxi dakit nik horretaz, baina horretarako dago Wikipedia, zeinaren arabera Izurri Beltza 1346an agertu baitzen Europa ekialdean, Don eta Volga ibaien artean. Antza, Gengis Khanen seme batek sortutako Urrezko Horda delako herria gogor jo zuen, eta gero ziztu bizian hegoalderantz bidaiatu eta Mediterraneoan zehar hedatu, portuz portu, 1347ko urrian Italia kolpaturik.
Venezia, Marseilla, Bordele... Euskal Herrira nondik, eta baliteke Bordeletik irten zen Compostelarako erromes-ontzi batek ekarri izana, Gipuzkoa-Bizkaietako kostaldetik sartuta (1348ko udaberrian). Monteanok dio nafarren %50 inguru hil zituela, non gehiago, non gutxiago. Bakarrik.
Wikipediak bost izen ematen dizkio gertakari horri: Izurri Beltza, Izurrite beltza, Heriotza beltza, Izurri handia eta Izurri buboniko handia. Ingelesez Black Death hutsa da, okzitanoz eta katalanez Pesta negra... Berriz, frantsesez (peste noire, grande peste eta mort noire) eta batez ere espainolez ere (peste negra, muerte negra, epidemia de la peste, la Pestilencia eta la Gran Mortandad) izen ugari bildu dituzte, ordea.
Euskaraz, 1970 arte Izurri Beltza baino ez dago lekukotua, behin bakarrik, 1905eko Fedearen Propagacioneko... aldizkarian (OEH). Halabeharrez (edo ez), erabiliena horixe da gero ere: Ereduzko Prosa Gaur-en arabera, Gotzon Garatek (2001), Iban Zalduak (2004) eta Koro Navarrok (2004) hautatu dute. Aldiz, Izurrite beltza Felipe Juaristik (2003), eta Heriotza beltza Joan Mari Lekuonak (1997) eta Jon Alonsok (2000). Gainerako izenak ez dira erabili, salbu eta Izurri edo Izurrite bubonikoa BERRIA egunkarian (2003, 2022).
Zein da ikasikizuna, frai Bartolomek esango lukeenez? Bidaiatzea gustuko dudala, bidaia Heriotza Beltzak prestatu badigu ere. Berak bai jakin!