Duela urte batzuk, EHUk gonbidatuta, geologo ikerlari talde bat etorri zen euskal kostaldeko flyschak aztertzera. Haitzak hazkatu, laztandu eta gorde egiten zituzten. Akorduan ditut jatorri eta adin ezberdineko gizon-emakumeak aldaketa klimatikoaren zio, sorburu, giltzarriak jakin guran. Norbaitek esan zien alferrekoak zirela euren lan luze eta burutsuak? Logika ororen gainetik zegoela erantzuna? Jakintsuren batek aipatu zien Jainkoaren ernegazioarena? Albert Einsteinek ikerketa-urte askoren ostean ondorio ukaezina atera zuen: infinituak diren gauza bi baino ez daude unibertsoa eta giza ergelkeria.
Jainkoa haserre dago. Haserrealdi horrek eraginda ditugu; haize-erauntsiak, denboraleak, autismoa, dementzia... Zergatik? Gizonen arteko ezkontzak eta ezkontza zibilak edota abortua ez zaizkiolako zeruko jaunari gustatu. Lurtar galduok zigortuak izan behar dugu. Susanne Atanus estatubatuarrak esan du, Illinois estatuko kongresurako hautagaiak. Berak ederto ondo daki zein den bide zuzena. Hurbilago ere irakurri izan ditut adierazpen harrigarriak. Ramon Gomez Ugalde PP alderdiak Donostiako Udalean duen ordezkaria da. Txio batez izan nuen bere berri. «Bilduk Donostia txarto kudeatzen duela badakigu, baina gainera zorte txarra dakar; lur-jausiak, uriolak, denboralea...». Bilduk aginduko ez balu inolaz ere gertatuko ez liratekeenak.
Uste dut edozer eta edozeinengan sinesteko eskubidea dugula: Perez sagutxoa, Supermanen errealismoa, edozein jainko eta santu, porno pelikulen sexu jarduera, Elvis Presley bizirik dagoela... Norbere sinesmen pribatuak dira. Baina politikaren jarduera gauza oso serioa da. Aldaketa klimatikoa, eta gizakiak (hots, zuk eta nik, eta besteek ere bai) ingurumenean eragiten dituen kalte eta txikizioak ere bai. Hiritarrak ez gara astapitoak, badakizkigu fedearen mugak non dauden; hortaz, ez gaitzaten pepelerdotzat hartu.

Larrepetit
Jainkoaren haserrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu