Lagun batek boxeoaren gainean kontatu zizkidanek jakin-mina piztu zidaten. Harrezkero boxeora joan nahian ibili naiz. Joan den zapatu gauera arte, baina, ezin.
Bilboko Bizkaia frontoia, euria zarra-zarra. Lehenengo aurreiritzi suntsitua: bertakoen %90 30-40 urte ingurukoak ziren. Gehienak, gizonezkoak (%85). Bigarrena: euskaldunez josita zegoen. Hiru mila pertsona zazpi bikoteren borrokak ikusteko gertu. Tatuaje asko beso gihartsuetan. Moda-modako orrazkera, buru bazterrak labur oso labur, osterantzekoa agerian. Galdutako norbaitek pentsa zezakeen diskoteka batean zegoela, horixe baitzen sartu gineneko musika. Izarrak agertzen hasi zirenean, ordea, heavy-a nagusitu zen. Keturik amaitu nuen, izan ere, atzekoak eta aurrekoak transgresio oro apurturik erre eta erre ibili ziren. Garagardoak, gin-tonikak eta hot-dog-ak han eta hemen. Gaueko izarra, Kerman Lejarraga. Frontoi guztia zutundu eta txaloka hasi zen irten zenean. «Kerman! Kerman!». Eta bospasei biderrez, Morgako marrazoa borrokan zegoela, Jo ta ke irabazi arte kantatu zion frontoi osoak. Speaker-arena egiten zuena, ziurrenen, oraindik propolia hartzen ari da ahotsa berreskuratzeko. Manu Maritxalarrek arbitroarena egin zuen, baina zinez, ring gainean Pas de basque bat egin behar zuela zirudien. Une batez atzean Roberto Bolaño izan nezakeela pentsatu eta atzera begiratu nuen. Roberto izan zitekeen edo Bolaño, baina ez Roberto Bolaño. Matxismoaren gailurra: ring gainean bikiniz jantzirik agertutako neska biak round-aren berri emateko. Oraindik hemen gaude? Noski, bertan zegoen inor gutxik esango du hori matxista dela. «Maskulinitate-erlijio galduaren ospakizun bat da boxeoa». Joyce Carol Oates.
Albert Camusek zioen boxeoa ez dela kirola, dena soiltzen duen errituala baizik. Nik pentsatzen nuen XXI. mendeko gladiadoreak futbolariak zirela. Baina ez. Futbolariak sasi gladiadore baino ez dira. Beste eztabaida (interesgarri) bat da gure gizarteak gladiadoreak behar ote dituen.

LARREPETIT
Jo ta ke irabazi arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu