Hedoi Etxarte

Kaleko erlojua

2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Santa Engraziatik Iruñeko Alde Zaharraren harresiranzko atari berrirako bidea egiten dugu ia egunero bizikletaz. Gipuzkoa etorbidean trenbideen gainetik pasa berritan, hamar bat metrora Cuatrovientoseko biribilgunearen gainean propagandarako zutabe horietako bat dago, txandaka erloju, txandaka termometro den horietako bat. 

Neguko ordu aldaketa gertatu eta biharamunean jabetu nintzen norbaitek urrundik kontrolatzen zuela erlojua, edo aldaketa egiteko programatuta zegoela. Kontua da, handik egun batzuetara, joan den astean, egunero begiratzen nuen erdi erloju erdi termometro hori itzali zela. Eta orduan jabetu naiz, adimen artifizialaren eta gizakia ziborg izatea amesten den garaian, ezinbestekoa nuela kaleko erloju hori, salduta nengoela denboraren erreferentzia hori gabe: eskolara edo lantokira joateko goizeroko martxan minutu bat lehenago edo bi beranduago nindoan jakiteko datu hori.

Ez dakit zergatik, memoria den izaki kapritxosoak erlojua itzalita zegoen seigarren egunean Asja Lacisek Walter Benjaminekin aurrenekoz topo egin zuen eguneko pasadizora eraman ninduen. Susan Buck-Morssek jaso zuenez, Lacis almendrak erosi nahian zegoen Caprin, baina ez zekien italieraz. Benjamin izan zen itzultzailea. Gerora gerturatu zitzaion piazzan eta «adeitasun burges handiarekin» galdetu zion zeramatzan paketeak eramateko laguntzarik behar ote zuen.

Lacisek Benjamin deskribatzean esan zuen haren betaurreko txikiek argia zabaltzen zutela proiektore txikiak balira bezala.

Eta halako batean, lehen ordua ematen zuen gailu hori, kirol proba batekin gure bizitzak izan zezakeen antzekotasun bakarraren ebidentzia, espero gabeko loturetarako zuloa bilakatu da. Halako batean gogorarazten dizkit nerabezaroan, garaiko modaren interpretazio aski sui generis-a eginda, amatxi Pilarrek egin zizkidan mila eta bat koloreko galtzerdiak edo haurtzaroan, aurrenekoz, sagardotegi batera joan ginenekora Baztanen.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.