nerea loiola pikaza

Karaokea

2024ko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Euskal Herriko hiriburu bateko Gabonetako parkea. Sarrera, korridore eta jolasguneetan euskaraz daude kartel guztiak, langile orok hitz egiten dizu euskaraz zuk hala eginez gero —«Nahi baduzu euskaraz» dioen pegatina bat daramate bularraldean—. Areto nagusian, askotariko jolas eta puzgarrien artean, karaoke bat dago. Bi aurkezle oholtza gainean. Euskaraz ari dira jendea kantatzera animatzen. Hamar urte inguruko neskatxo batzuk ausartu dira lehendabizi, eta espainolezko kanta bat abestu dute. Beste neska txikiago batzuk igo dira ondoren, eta horiek ere espainolez kantatu dute (oholtzara neskak bakarrik igotzearenak beste artikulu baterako ematen du). Badirudi abestiak aukeratzeko ez dagoela inolako irizpiderik edo baldintzarik; dena libre. Bi ordu pasatu dira, eta ez da abesti bakar bat entzun euskaraz. 

Ez dut ulertzen hizkuntzaren afera maitasunarekin alderatzeko batzuen ohitura, begitartea zimurtzen zait hiztuna seduzitu egin behar dela aditzen dudan aldiro. Sedukzioaren trikimailuak eman du emateko zuena. Esku artean duguna ez da amodio jolas bat, ezin da amodio jolas bat izan hasieratik baldin badakigu ahaleginak eginda ere batzuek ez dutela inoiz euskara maitatuko; are gehiago, bai baitakigu zenbaitek gogor jardungo dutela beste batzuek gure hizkuntza —eta herria— maitatu ez dezaten.

Karaokeko abesti-zerrenda euskara hutsean egotea inposizioa litzateke? Beharbada bai, baina sedukzioari inposizioaren geruza gainjarri ezean, pairatzen dugun jazarpenari aurre egiten ez badiogu, balaztarik gabeko malda behera dugu etorkizun. Inork uste al du, benetan, erdarak askatasun osoz eta baldintzapenik gabe aukeratzen direla?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.