Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Kartzela-munduaren ospakizuna

2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Uztailaren 18a izendatu zuen Nazio Batuen Erakundeak Mandelaren Eguna. Zertarako? Lehen Hezkuntzako haurrei erakusten zaien horrexetarako, «keinu txikien bidez mundua alda dezakegula sinesteko». Erresoluzioan, zeru-lurretako nagusi izendatzeko adina meritu onartzen zaizkio Nelson Mandelari, alegia, gatazken konponbidean aritzea, arrazen arteko harremanak estutzea, giza eskubideak babestea, adiskidetasuna bultzatzea, genero berdintasunaren alde jardutea, umeen eskubideen alde eta talde zaurgarri ororen fabore... erantsi pobreziaren kontrako borroka eta, orobat, munduak eder izateko behar duen horretan guztian ematea bizialdia.

Uztailak 18 Espainiako hauteskunde kanpainaren erdian fortunatuta, urriaren 2ra atzeratu zituen Eusko Jaurlaritzak ospakizunak. Egitarauaren barnean emango da Francisco Javier Gomez Elosegui saria, duela lau urte Kriminologiaren Euskal Institutuak ETAk hildako kartzela psikologoaren izenean sortua eta iragarri denez, hemendik atzera Justizia sailak bere gain hartuko duena.

Hildako askorekin gertatu ohi den bezala, nork bere neurrirako santua egina du Mandelarekin. Nazio Batuen Erakundeak, zer pentsa ere, «erakunde terrorista» bateko burua izan zela ahaztu du haren hagiografia publikoan; Jaurlaritzak, berriz, kartzela-eskumen lortu berriak loratzeko aprobetxatuko du Eguna. Barruak behar dira. Espetxe sistemari zuritualdia eman beharraren beharrez, perbertsio baldarrez jantzi dio zelofana Melgosa sailburuak: «Mandelaren Eguna motibo askorengatik da berezia, sortu delako, erabat gainera, euskal kartzela-munduaren ospakizun eguna izateko...». Euskal kartzela-munduaren ospakizunaren aitzakia zer eta Madibaren 26 urteko kartzelaldia?

Ikasia behar genuke honezkero: erakunde batek saria ematen duenean, bere buruari ematen dio aurrena. Manipulazio semiotikorako joera, berriz, karguarekin batera dator, nonbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.