Blanca Urgell
LARREPETIT

Katulo eta babarrunak

2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Gauza batzuek doi-doi dute izenik, eta beste batzuek eurrez. Babarruna da horietako bat, Euskaltzaindiak berelana egin baino lehen behintzat: alubia, banabar, betroi, galego-baba, ilar, indaba, indilar, kirkila, leiko, mailar, marikol...

Indaba *indi(a)-baba-tik dator, hamaika landaretan (india-mahats, indiapiko, indiaran, indintxaur, indisagar...) ageri den hasierarekin. Baliteke indi(a)-k jatorri arrotza baino ez adieraztea, baina gure indabak Kolonen Indietatik etorriak dira, hain juxtu: Arabakoak, Gernikakoak, Tolosakoak izan, guztiak duela 9.000 bat urte Erdialdeko Amerikan erein ziren lehen hazietatik. Babak, aldiz, europarrak edo asiarrak dira, eta gurekin egon dira gutxienez izena hartu genuenetik (latin faba).

Babarrun ere ez da bertokoa, latin garbiko faba romana-tik baizik. Betroiak behiak bezala Bretainiatik datozke. Kirkila ijitoen euskaratik bildua. Lapurdiko marikol ez ote nola edo hala harikot frantsesarekin lotua?Aldiz, 1746an-edo Arakistainek Erronkarin bildu xuduarimak (judu-arimak) izenak zer adierazten? Beltzak zirela, beharbada? Ai ene!

Espainolak alubia du arabetik, poroto kitxuatik, caraota Venezuelako kumanagoto etniaren hizkuntzatik, eta abar. Frantsesez haricot, ezta? Haatik, Rabelaisek fazéolz darabil, latinezko izenarekin (phaseolus) argiki lotua, espainolez frijol bezalaxe. Ekialderagotik dator latin izena, grezierazko phás?los-tik. Eta, bon, hori Katuloren poema batean dago («... Katuloren poemak hasi zara / begi hertsiekin errezitatzen»): «ipurdia gatzontzi bat baino garbiago duzu, eta urtean hamar aldiz ere ez duzu kaka egiten, eta egiten duzuna ere babarrunak edo hartxintxarrak baino gogorragoa».

Grezieraz hobeto emango du, akaso, nire itzulpenean baino. Edonola ere, nago azkenotan begiak ez ote zaizkidan kaxkartzen ari: norbaitek belaun-ez hitz egitea eskatu, eta nik babarrunez egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.