Ia mundu osoan bezala, egoera txarra ari da bizitzen Hego Amerikako ezkerra, ideologia eta jarrera horretako gero eta gobernu gutxiago baitaude kontinentean. Europako herritarrek duela hamar urte besarkatu zuten ideologia olioa bezala ari da zabaltzen Ameriketan, Kanadatik behera. Betiere ezkerra kontzeptua bere adierarik zabalenean hartuta, eta ezkerra zer den eta zer ez den eztabaidan sartzeko asmorik gabe.
AEBetatik Argentina eta Txile bitarteko eremu zabalean desagertzen ari dira ezkerreko gobernuak. Zutabe hau idazteko orduan, bukatu gabe dago Peruko presidentetzarako hauteskundeen emaitzen kontaketa, eta ematen du ezkerreko hautagaiak –Roberto Sanchezek– eskuinekoarekin –Keiko Fujimorirekin– daukan alde txikia ez dela nahikoa izango, atzerriko botoak nagusiki bigarrenaren aldekoak izatea espero delako.
Zer gelditzen zaio gaur egun herrialde haietan ezkerrari, Perun azkenean eskuinak irabazten badu? Mexiko, Brasil eta jokoan dagoen Kolonbia. Hamar egun barru, ezkerreko hautagai Ivan Cepedak irabazten badu, hiru herrialde handi horiek ezkerraren esku geratuko dira, nagusitzen ari den joerari galga jarriz. Baina Kolonbian eskuin muturrekoak –Abelardo de la Espriella– irabazten badu, gero eta zailago edukiko du Mexikoko eta Brasilgo ezkerrak hurrengo hauteskundeetan irabaztea. Bakartuagoak egongo dira.
Horregatik ere bada garrantzitsua Kolonbian ekainaren 21ean egingo den bigarren itzulia; Kolonbia gainditzen duen garrantzia dauka. Kontinentearen oreka politikoa dago jokoan, galduz gero zailago izango delako erakunde transnazionalei eustea. Horien artean, garrantzi handia dauka Giza Eskubideen Ameriketako Auzitegiak, kontinentean giza eskubideen urraketak aztertzea eta zigortzea helburu daukanak.
Eskuin muturreko gobernuek ez dituzte maite nazioarteko erakunde fiskalizatzaileak, ez dutelako nahi inor sartzea haien baratzean.
Denak Kolonbiara begira daude, bakoitza bere motiboagatik.